30. saioa: Armiarma.com, Zinebi eta b&b 2.0

Armiarma.com (literaturaren sarean) saritu berri dutela eta Josu Landa izan da gure artean. Literatura eta teknologia berrien inguruko elkarrizketa mamitsua izan da duda barik. Literaturatik zinemara egin dugu jausi, Ines Intxausti Zinebiko kideetako batekin berbetan hasi gara, eta aste honetarako zenbait gomendio egin dizkigu. Internet eta tresna berrien islada ere badu 47. edizio honek. Saioa bukatzeko, azaroaren 27ko zita gogoratu dugu, Bilboko Kafe Antzokian burutuko den Blogs&Beers topaketarena. Kuña ere entzungai jarri dugu, zuk ere baliatu dezakezu, podcast baterako, irrati librean jartzeko edota entzuteko, gura izan ezkero.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 27 MB).

29 saioa: B&B 2.0 uncommon sounds eta NetLach

Datorren asteko Blogs&Beers 2.0 izan dugu hizpide gaurko saioan. Nondik norako guztiak azaldu eta bertaratzeko gonbita egin dugu. Elkarrizketa ere egin dugu Xabi Erkiziarekin, Uncommon sounds dela eta. Asteburu honetan izango den NetLach ziberkultura eta baliabide berrien arteko topaketa ere aipatu dugu. Pena da baina arazo larria izan dugu irratiko zerbitzariko disko gogorrarekin eta saioa ezin izan dugu grabatu. Zer egingo diogu.

28. saioa: Informazioaren gizartea Bilbon

Bilbo. 2005 azaroa. Informazioaren Gizartea berton. Gai hau jorratu dugu, batipat gure saioan. Hiruzpalau kongresu batu dira Bilboko Euskalduna jauregian, denak ere Informazioaren Gizartearekin lotuak. Guk, Ramon Peñagarikano gailur honetako aholkularietako bat elkarrizketatu eta beragaz gailurrari buruz berba egin dugu. Wifi topaketa batean harrapatu dugu berriz Eneko Astigarraga gure kolaboratzailea. Berak wifiari buruzko berriak eta albisteak eskaini barik, topaketa honetan aipagai izan diren kontuak ekarri dizkigu. Saioa amaitzeko, Irratia.com proiektuaren 5. urteurrena izan dugu hizpide. Ez ahaztu, hilaren 27an blogariok topaketa bat dugula Bilbon, Informazioaren hirian.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 27 MB).

Blogs & Beers 2.0 topaketa Bilbon azaroaren 27an

Blogs beersHonez gero zuetako batzuk jakinaren gainean izango zarete, lehengo eguneko El Pais edo Bilboko Kafe Antzokiaren egitaraua irakurri baduzue. Gure V. urteurrena ospatzeko Bilbon Blogs & Beers topaketa antolatzea bururatu zaigu. Azaroaren 27an izango da, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Bilboko Kafe Antzokian.

Bigarren B&B euskalduna izango da, apirileko Elgetakoaren ostean, eta Bilbon egingo den lehenengoa. Zer izango den? Bada, euskal blogarien topaketa informala, garagardo batzuk hartu bitartean, hainbeste aldiz testuen eta iruzkinen bidez elkar eragiten dugun blogger edo blogarion artean izaten dugun harreman telematikoa bertatik bertarakoa bihurtuta. Nahi izanez gero, nork bere ordenagailua konektatzeko aukera izango du, Xabier Mendiguren Elizegik bere liburua aurkeztuko du eta, bertan bere bloga aurkeztuko duen Noizpop DJak girotuko du arratsaldea, musika aukera aproposaren bidez. Animatzen zarete?
Jarraitu Blogs & Beers 2.0 topaketa Bilbon azaroaren 27an irakurtzen

irratia.com-ek bost urte

Bihar bost urte beteko dira irratia.com proiektua abian jarri genuenetik. Ez dugu hemen berriro gure ibilbidea kontatuko, bai gogoeta bat proposatuko. Euskalgintzaren baitan teknofilia sustatzeko asmoz aritu gara, hori zen gure helburua. Denbora honetan ez gaitu gehiegi kezkatu Euskal herrian Internet erdaldunaren aitzinamenduak, bai ordea euskararen munduarenak, gure hizkuntzak XXI. mendean planeta honetan iraun nahi badu tresna berriak eta sareak erabiltzen jakin beharko duela, aro teknologikoan moldatu beharko duela bizirik iraungo badu.

Leloa ere asmatu genuen orduan: “Euskal kultura digitalizatu, kultura digitala euskaldundu”, une hartan oso kezkagarria iruditzen baizitzagun euskararen munduak teknologia berrien arloarekiko zuen jarrera uzkurra eta, beste hizkuntza komunitate batzuen ondoan, somatzen ari ginen atzerapenak gure hizkuntzaren bihar-etziko biziraupena benetan kinka larrian jartzen zuela. Euskara teknologia berrien trena galtzen ari zen.

Bost urte geroago egoera aldatu da, ezberdina da… Noraino? Akaso ez orduan bezainbat larri eta gordin, baina atzerapena egun ere somatzen da, gurea Europako zenbait herrialde eta hizkuntza komunitaterekin alderatuz gero. Gauzak egin dira, eduki gehiago dago, blogosfera agertu eta hedatu da, gero eta internauta gehiago konektatzen dira… Euskaraz nabigatzen dute? Sortzen dute?

Beste herri eta hizkuntza batzuetan ere badira blogosfera indartsuak… Gurea nolakoa da besteen ondoan? Zer uste duzue zuek?

27. saioa: Musika albiste eta elkarrizketak

Mikel Unzurrunzaga Makala Hondartzan lanarekin irratia.com saiora etortzekotan zen, baina Zugarramurditik bueltan, kotxeak matxura izan du. Pena. Hurrengoan izango da gurekin. Metak disketxearekin bere bakarkako lana kaleratu du Zarautzko musikari, disko jartzaile, promotore eta surflariak. Reggae musikatik hasi, eta dantzarako aproposak diren doinu mordo bat bildu ditu bere lanean. Bere diskoko kantuak entzun ditugu, eta musika beltzaz gozatu dugu.

Entzun eta Berri Txarrak
Entzun aldizkariaren 45. zenbakia izan dugu eskuartean, eta aldizkaria goitik behera errepasatu dugu. Arreta berezia jarri diogu Berri Txarrak taldearen Jaio. Musika. Hil diskoari.

Musikherria
Euskal Herriko musika talde eta musikazale askoren ekimenez Musikherria disketxe autogestionatua sortu da. Horretaz berba egin dugu Gorka eta Ikerrekin, Musikherria proiektuko partaideekin. Solastu gara musikaz, eredu libreetaz, disketxea sortzeko arrazoietaz… eta aurrerantzean izango diren ekimenen aurrerapena egin digute.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 22 MB).

26. saioa: Berria egunkariko blogak gurean

Kike Turmix-i gorazarre egin nahi izan diogu gaurko saioan, atzo hil baizen Madrilen euskal rockak enbaxadore zeukan Kike. Berria egunkariak ere blogintzari ekin dio. Pasa den astean Matraka.info izan bagenuen hizpide, aste honetan Berriako blogak hartu ditugu berbarako gai.
Elkarrizketan, gurekin izan dira Mikel Elorza eta Anjel Lertxundi, Kornerreko eta Hitz besteko blogariak. Ala bloglariak?

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 22 MB).
Jarraitu 26. saioa: Berria egunkariko blogak gurean irakurtzen

25. saioa: bertsolari txapelketa eta Matraka.info

Aurreko asteko aurkezpen saioarekin batera, edukiz gainezka daukagu gaurko irratsaioko eskaleta. Interneteko aktualitateari so eginez, euskal kultura eta kultura digitala uztartzen saiatu gara, beste behin. Besteak beste, bi elkarrizketa izan ditugu gaurkoan:

Txapelketanagusia.com
Igandean Lekunberrin abiatu den bertsolari txapelketa izan dugu hizpide. Pasa hitza lemapean, XXI. mendean erabat txertatutako saioa ikusi genuen aurrekoan Lekunberriko Plazaola kiroldegian. Eskenografia berria, web gune berria, Interneten jarraitzeko aukerak, mp3etan entzuteko saioak, argazki digitalak… Gaur-gaurko txapelketa da bertsolariena. Horretaz mintzatu gara, txapelketako komunikazio zereginetan buru belarri murgildua dagoen Josebarekin. Elkarrizketa skype bidez egin diogu.

Matraka.info eta blogak | Matraka jaia Bilbon
Ikasturtearekin, Berria egunkariako gazte gehigarria ere martxan da. Ikasturte berriarekin, asmo berriak, zelan ez. Matraka.info guztiz berriztatuta topatu dugu, RSS feedak harpidetu ditugu gure lastermarketan, eta bi blog berri ere irakurri daitezke dagoeneko: Gonapetik (Estitxu Elduiaien kazetariarena) eta Erpeka (Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariarena). Aurrerapen hauen guztien inguruan mintzatu gara Matrakako arduradun Estitxu Elduaienekin. Horrez gain, gaur bertan Matraka jaia izan dugu Bilbon, Zea Mays taldeak jo baitu Kafe Antzokian.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 22 MB).

24. saioa: ikasturte berriaren hasiera

Uda ostean berriro gaude uhinetan eta hauxe izan da gure lehendabiziko saioa ikasturte honetan. Udan izan diren albiste zenbait aipatzeko baliatu dugu gaurko saioa. Blogak izan ditugu hizpide eta Iruñean esku hartu genuen UEUren ikastaroa. Alabaina, dudarik gabe, udako albistea Tagzania zerbitzuaren agerpena izan dugu. Beste kontu batzuk ere aipatu ditugu, esaterako, Googlek atera berri duen doako Wi-Fi konexio unibertsalerako proiektua (Mikel Amigoten aipamena) edota ostegunean aurkeztekoa den ESLE elkartea. Mark Shuttleworth-en (Eneko Astigarragaren aipamena) bisitaren harira. Ubuntu Linux banaketaren sortzaileetakoa, pelotakadarekin aberastua eta ordainduzko bigarren turista espaziala, Suttleworthek bisita egin digu Enpresa digitalak antolatutako ekitaldian. Ekitaldia profitatu dute software librearen arloan lan egiten duten 19 enpresek sortu duten ESLE elkartea aurkezteko.

Saioa (ez dago osorik) eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 11 MB).

Euskal irrati digitala