irratia.com-ek bost urte

Bihar bost urte beteko dira irratia.com proiektua abian jarri genuenetik. Ez dugu hemen berriro gure ibilbidea kontatuko, bai gogoeta bat proposatuko. Euskalgintzaren baitan teknofilia sustatzeko asmoz aritu gara, hori zen gure helburua. Denbora honetan ez gaitu gehiegi kezkatu Euskal herrian Internet erdaldunaren aitzinamenduak, bai ordea euskararen munduarenak, gure hizkuntzak XXI. mendean planeta honetan iraun nahi badu tresna berriak eta sareak erabiltzen jakin beharko duela, aro teknologikoan moldatu beharko duela bizirik iraungo badu.

Leloa ere asmatu genuen orduan: “Euskal kultura digitalizatu, kultura digitala euskaldundu”, une hartan oso kezkagarria iruditzen baizitzagun euskararen munduak teknologia berrien arloarekiko zuen jarrera uzkurra eta, beste hizkuntza komunitate batzuen ondoan, somatzen ari ginen atzerapenak gure hizkuntzaren bihar-etziko biziraupena benetan kinka larrian jartzen zuela. Euskara teknologia berrien trena galtzen ari zen.

Bost urte geroago egoera aldatu da, ezberdina da… Noraino? Akaso ez orduan bezainbat larri eta gordin, baina atzerapena egun ere somatzen da, gurea Europako zenbait herrialde eta hizkuntza komunitaterekin alderatuz gero. Gauzak egin dira, eduki gehiago dago, blogosfera agertu eta hedatu da, gero eta internauta gehiago konektatzen dira… Euskaraz nabigatzen dute? Sortzen dute?

Beste herri eta hizkuntza batzuetan ere badira blogosfera indartsuak… Gurea nolakoa da besteen ondoan? Zer uste duzue zuek?

27. saioa: Musika albiste eta elkarrizketak

Mikel Unzurrunzaga Makala Hondartzan lanarekin irratia.com saiora etortzekotan zen, baina Zugarramurditik bueltan, kotxeak matxura izan du. Pena. Hurrengoan izango da gurekin. Metak disketxearekin bere bakarkako lana kaleratu du Zarautzko musikari, disko jartzaile, promotore eta surflariak. Reggae musikatik hasi, eta dantzarako aproposak diren doinu mordo bat bildu ditu bere lanean. Bere diskoko kantuak entzun ditugu, eta musika beltzaz gozatu dugu.

Entzun eta Berri Txarrak
Entzun aldizkariaren 45. zenbakia izan dugu eskuartean, eta aldizkaria goitik behera errepasatu dugu. Arreta berezia jarri diogu Berri Txarrak taldearen Jaio. Musika. Hil diskoari.

Musikherria
Euskal Herriko musika talde eta musikazale askoren ekimenez Musikherria disketxe autogestionatua sortu da. Horretaz berba egin dugu Gorka eta Ikerrekin, Musikherria proiektuko partaideekin. Solastu gara musikaz, eredu libreetaz, disketxea sortzeko arrazoietaz… eta aurrerantzean izango diren ekimenen aurrerapena egin digute.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 22 MB).

26. saioa: Berria egunkariko blogak gurean

Kike Turmix-i gorazarre egin nahi izan diogu gaurko saioan, atzo hil baizen Madrilen euskal rockak enbaxadore zeukan Kike. Berria egunkariak ere blogintzari ekin dio. Pasa den astean Matraka.info izan bagenuen hizpide, aste honetan Berriako blogak hartu ditugu berbarako gai.
Elkarrizketan, gurekin izan dira Mikel Elorza eta Anjel Lertxundi, Kornerreko eta Hitz besteko blogariak. Ala bloglariak?

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 22 MB).
Jarraitu 26. saioa: Berria egunkariko blogak gurean irakurtzen

25. saioa: bertsolari txapelketa eta Matraka.info

Aurreko asteko aurkezpen saioarekin batera, edukiz gainezka daukagu gaurko irratsaioko eskaleta. Interneteko aktualitateari so eginez, euskal kultura eta kultura digitala uztartzen saiatu gara, beste behin. Besteak beste, bi elkarrizketa izan ditugu gaurkoan:

Txapelketanagusia.com
Igandean Lekunberrin abiatu den bertsolari txapelketa izan dugu hizpide. Pasa hitza lemapean, XXI. mendean erabat txertatutako saioa ikusi genuen aurrekoan Lekunberriko Plazaola kiroldegian. Eskenografia berria, web gune berria, Interneten jarraitzeko aukerak, mp3etan entzuteko saioak, argazki digitalak… Gaur-gaurko txapelketa da bertsolariena. Horretaz mintzatu gara, txapelketako komunikazio zereginetan buru belarri murgildua dagoen Josebarekin. Elkarrizketa skype bidez egin diogu.

Matraka.info eta blogak | Matraka jaia Bilbon
Ikasturtearekin, Berria egunkariako gazte gehigarria ere martxan da. Ikasturte berriarekin, asmo berriak, zelan ez. Matraka.info guztiz berriztatuta topatu dugu, RSS feedak harpidetu ditugu gure lastermarketan, eta bi blog berri ere irakurri daitezke dagoeneko: Gonapetik (Estitxu Elduiaien kazetariarena) eta Erpeka (Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariarena). Aurrerapen hauen guztien inguruan mintzatu gara Matrakako arduradun Estitxu Elduaienekin. Horrez gain, gaur bertan Matraka jaia izan dugu Bilbon, Zea Mays taldeak jo baitu Kafe Antzokian.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 22 MB).

24. saioa: ikasturte berriaren hasiera

Uda ostean berriro gaude uhinetan eta hauxe izan da gure lehendabiziko saioa ikasturte honetan. Udan izan diren albiste zenbait aipatzeko baliatu dugu gaurko saioa. Blogak izan ditugu hizpide eta Iruñean esku hartu genuen UEUren ikastaroa. Alabaina, dudarik gabe, udako albistea Tagzania zerbitzuaren agerpena izan dugu. Beste kontu batzuk ere aipatu ditugu, esaterako, Googlek atera berri duen doako Wi-Fi konexio unibertsalerako proiektua (Mikel Amigoten aipamena) edota ostegunean aurkeztekoa den ESLE elkartea. Mark Shuttleworth-en (Eneko Astigarragaren aipamena) bisitaren harira. Ubuntu Linux banaketaren sortzaileetakoa, pelotakadarekin aberastua eta ordainduzko bigarren turista espaziala, Suttleworthek bisita egin digu Enpresa digitalak antolatutako ekitaldian. Ekitaldia profitatu dute software librearen arloan lan egiten duten 19 enpresek sortu duten ESLE elkartea aurkezteko.

Saioa (ez dago osorik) eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 11 MB).

irratia.com bihar berriro uhinetan

Bihartik aurrera denboraldi berriari ekingo dio irratia.com irratsaioak. Teknologia berriak, Internet eta gure kultura zahar eta txiki honek bide hauetan dituen aukerak, beharrak eta mugak izango ditugu hizpide asteartero zuzenean 18:00etatik 19:00etara Bilbo Hiria irratiaren uhinetan eta irrati-bitakora honetan bertan ere. Irratiz FMaren 96an entzuteaz gain (Bilbo Handian), Interneten entzun daiteke gure irratsaioa. Gainera, zuzenean entzuterik izan ez duenak izango du gerora aste bakoitzeko saioa deskarga bidez eskuratzeko aukera.

Entzuleek ere har dezakete esku irratsaio interaktibo honetan baita euren ahotsa entzunarazi ere, munduko edozein bazterretan egonda ere. Gurekin harremanetan jartzeko 94 424 37 04 telefonoaz gain, Skype erabil dezakezue, bilbohiria erabiltzaileari hots eginda. Esan bezala, bihar zuzenean elkar ikusiko-entzungo dugulakoan…