45. saioa: Su-eten iraunkorra Interneten, begirada bat

Bada astebete ETAk su-eten iraunkorra adierazi zuela; bideoa eta komunikatua, berehala albiste bilakatu ziren Euskal Herrian bezala mundu osoan ere. Eta Internet horren lekuko paregabea izan da, eta bada oraindik be. Asteazken eguerditik, ohiko komunikabideekin batera (telebista, irratiak, egunkarien edizio elektronikoak…) blogetan, tag bilatzaileetan su-etenearen inguruko albiste, iruzkin, post eta iritziak gehitzen hasi ziren.

Gure irrati emankizunean, horren inguruko azterketatxo bat egiten saiatu gara, gure apalean. Interneten ikusi eta irakurri dugunari buruzko begirada xume bat. Eta irratsaioa bukatzeko kazetari bat elkarrizketatu dugu: Imanol Murua Uria. Berriako kazetariagaz albistea bera, medio ezberdinak eta Internet aztertu ditugu.

Saioa osorik entzuteko, HEMEN.

44. saioa: Irak, Palestina eta Saharako lekuko euskaldunak

Nazioarteko egoerari begira jarri gara gaurkoan Bilbo Hiria irratian egin dugun saio berezian. 3 urte dira Ameriketako Estatu Batuek Iraken gerra hasi zutela, eta orduko uneak gogora ekarri ditugu Iraken egondako euskal brigadista batekin: Imanol Telleria. Imanolek, beste kide batzuekin batera Bagdaderako bidea hartu zuen, bidaia berean Bagdad Rap filmeko zuzendaria abiatu zen; eta guk filme dokumentala, gerra, Iraken kontrako okupazioa eta inbasio militarra izan ditugu hizpide Imanolekin.

Gaurko bigarren elkarrizketan Palestina izan dugu berbarako gai. Igor Urrutikoetxea iaz brigadista moduan egon zen lurralde zapalduetan. Besteak beste FPLPko buruzagi presoekin Jerikoko espetxean egoteko aukera izan zuten euskal brigadistek. Asteon ikusi ditugun irudiak ikusita, Palestinara begira mintzatu zaigu Igor.

Azkenik, irrati emankizunaren azken zatian Sahara izan dugu mintzagai. BIGE elkarteko bi lagun izan dira estudioan: Birjinia eta Lurdes. Datorren asteartean Tinduferako hegaldia hartuko dute, eta errefuxiatuen kanpamenduetan burutu behar dituzten aisialdi ekintzak eta daramaten material teknologikoari buruz ere mintzatu gara.

Gune interesgarriak: CSCA | saharatik.com

Saioa entzuteko, HEMEN klik egin.

42. saioa: Kontrainformazioa

Saio berezia eskaini diogu Kontrainformazioari. Eta horretarako, egun abian dauden proiektu ezberdinei buruz mintzatu gara. Indymedia, Irrati libreak, Telebista herritar proiektuak, Internet bidezko proiektuak… denetarik izan dugu aipagai.

Amatau TVri buruz jakiteko, Tas Tas irrati libreko elkarrizketa bat entzun dugu; Indymediaren historiaren berri izan dugu, eta Iruñean aurreko astean abian jarritako WC-tv ekimenaren berri ere ukan dugu (Eguzki Bideoak eta Hackresi hacker kolektiboaren arteko ekimena).

Mundurat.net

Eta Bilbotik Bartzelonara abiatu gara, bertan Mundurat.net zerbitzariko lagunarekin berbetan hasi gara, atariaz, Interneti buruz eta zerbitzariaren proiektuetaz mintzatu gara.

Kontrainformatu.info

Datorren astean Bilbon burutuko diren topaketen berri emanez, sortu duten blogaren berri eman eta hurrengo batean gehiago sakonduko dugu horren gainean, izan ere, martxoaren 17tik 19ra bitartean, Kukutza gaztetxean Komunikabide alternatiboen GAZTE topaketak burutuko dira.  Kontrainformatu.info gunea sortu dute horretarako.

Saioa entzuteko: HEMEN.