Nazioarteko egoerari begira jarri gara gaurkoan Bilbo Hiria irratian egin dugun saio berezian. 3 urte dira Ameriketako Estatu Batuek Iraken gerra hasi zutela, eta orduko uneak gogora ekarri ditugu Iraken egondako euskal brigadista batekin: Imanol Telleria. Imanolek, beste kide batzuekin batera Bagdaderako bidea hartu zuen, bidaia berean Bagdad Rap filmeko zuzendaria abiatu zen; eta guk filme dokumentala, gerra, Iraken kontrako okupazioa eta inbasio militarra izan ditugu hizpide Imanolekin.
Gaurko bigarren elkarrizketan Palestina izan dugu berbarako gai. Igor Urrutikoetxea iaz brigadista moduan egon zen lurralde zapalduetan. Besteak beste FPLPko buruzagi presoekin Jerikoko espetxean egoteko aukera izan zuten euskal brigadistek. Asteon ikusi ditugun irudiak ikusita, Palestinara begira mintzatu zaigu Igor.
Azkenik, irrati emankizunaren azken zatian Sahara izan dugu mintzagai. BIGE elkarteko bi lagun izan dira estudioan: Birjinia eta Lurdes. Datorren asteartean Tinduferako hegaldia hartuko dute, eta errefuxiatuen kanpamenduetan burutu behar dituzten aisialdi ekintzak eta daramaten material teknologikoari buruz ere mintzatu gara.
Gune interesgarriak: CSCA | saharatik.com
Saioa entzuteko, HEMEN klik egin.
Aupa Jabi, Patxi. Betidanik primeran egin duzue. Irratsaio hau oso interesgarria iruditzen zait. Segi horrela eta mila esker denagatik. Agur Jaime