74. saioa: Disonancias, Sareko Argia, Openaldia

Gaurko saioan Disonancias topaketa izan dugu hizpide lehenik, asteburu honetan Donostian ekimen honek eman duenaren aurkezpena egingo baitute Tabacaleran. Ekimeneko koordinatzaile Arantxa Mendiharatek azaldu digunez, hainbat artista eta enpresa elkarlanean jarri eta sei hilabetez jardun ostean emaitzak aurkeztu eta festa egingo dute. Bestalde, Argia astekariaren edukiak Interneten egoteaz gain, orain informazio eta material multimedia osagarria dute sarean astekariko edukiek: bideoak, argazkiak… Gainera, 2.0 ezaugarriez hornitu dituzte aldizkariko edukiak: iruzkinak egiteko aukera, zabaldura bidaltzeko edo e-postaz igortzeko modua… Horren guztiaren berri eman digu Sareko Argiako arduradun Eli Pombok. Azkenik, ostegun eta ostiralean Donostian izango den Openaldia izan dugu mintzagai, software librea eta haren onurak jendearengana hurbiltzeko saio interesgarria. Saioa eskuratzeko HEMEN.

73. saioa: Nontzeberri-Nontzefilm jaialdiak, IKTeroak

Gaurkoan bi elkarrizketa izan ditugu solaskide interesgarriekin. Lehena, gure estudioan bertan, Lutxo Egiarekin, Nontzeberri agerkari elektronikoko editore eta Nontzefilm zein Nontzeflash jaialdien sustatzailea, bihar eguerdian amaituko baita lehiaketa horietara, hurrenez hurren, film laburrak eta flash animazioak aurkezteko epea. Gero, Skype baliatuz, Ordizian diren hiru lagunekin egin dugu aldi bereko solasaldia. Bai, Mikel, Maite eta Jokin IKTeroak elkarrizketatu ditugu sarearen bidez. Sareko Argia saria jaso dute aurten, Informazio eta Komunikazio Teknologiak irakaskuntzara eramateko egiten ari diren ahalegin apartagatik. Acido C talde gipuzkoarraren musika entzun eta bestelako kontu batzuk ere komentatu ditugu. Saioa entzuteko HEMEN.

72. saioa: Windows Vista, web semantikoa, SOS Muxika

Saioa entzuteko HEMEN. Gaurkoan gai ugari aipatu ditugu gure saioan. Esaterako, Microsoft erraldoi monopolistikoak bere Windows Vista sistema eragile berria atera berri duela-eta. Ordenagailu saltzaileak gustora daude Vistarekin, Microsoften gehiegizko eskakizunak betetzen ez duten makina berri eta ahaltsu ugari berehala bazterturik geratuko direlako. Oso makina indartsua eskatzen du Vistak. Instalatu nahi izanez gero ere, momentuz ez instalatzeko aholkua eman dugu, hasierako bertsioak akatsez beterik egoten baitira. Gainera, SOS Muxika ekimena, Web 3.0 belaunaldia, unibertsitatea.net, munduko podcast-en foroa eta beste hainbat kontu jorratu ditugu gaurkoan.