Etxarriko Gazte topagunea eta bertan GazteSareak egin duen jarraipena izan ditugu hizpide gaurkoan. Topaketa horretan Interneten bidez hedatzen den Irauli Uhinak irratsaioak berebiziko zeregina izan du, bertatik saio bereziak eginez. Bertako esatari Haginen eskutik Irauli Uhinak proiektuaren berri izan dugu gaurkoan. Saioak mp3 eta ogg formatoetan eskegitzen dituzte eta, Internet hedabide moduan erabiliz gauza gehiago egiteko asmoa dute. Gazte Topagunean software librea, segurtasuna, blogak eta hacklabak izan dira hizpide hainbat hitzalditan. Gazte Sarean eskegi dituzten Kaiolatik at bideoak ere nabarmendu ditugu.
Bestalde, YouTube eta bertan azkenaldion agertu diren Corta un momento (Australiako telebista bateko kazetaria Espainiako gobernuko ordezkari bati torturari buruzko galdera ezerosoak egiten) eta Fermin Muguruzaren azken bideoklipa.
Aho Bete Kanta proiektuaz ere jardun dugu. Proiektu honen helburua azken 40 urteotako euskal herri musikak emandako piezarik esanguratsuenak aukeratu eta musika eskolen errepertorio didaktikoan sartzea da. Mila ale bildu nahi dituen proiektu honen lehen sortak 230 kanta bildu ditu, bakoitza kantaren inguruko azalpenekin, argazkiekin eta partiturekin. Barruan DVD-ROMa dakarren liburua hasi dira banatzen musika eskoletan, baina dudarik gabe webgunea izango da herritar orok proiektu horretarako sarbidea izateko modu nagusia, eskuragarriena eta bateragarriena delako.
Besteak beste, Coloradotik (AEB) jaso dugun entzule baten feedback-a aipatu dugu eta gogoratu dugu delicious-en irratiacom etiketa jarriz zuen lotura interesgarriak bidali ditzakezuela, aipa ditzagun. Gainerako irratiei dagokienez, Eguzki Irratiaren berpiztea ikusi dugu egunotan, zorionez, baina Antxeta irratian uholdeak egindako kaltearen albistea ere heldu zaigu tamalez.
Saioa entzuteko, HEMEN klik egin.