Kategoriaren artxiboa: irratia.com

38. saioa: FON haririk gabeko nazioarteko sarerantz

FON mugimenduari buruz aritu gara saioan. Haririk gabeko sareaz, FONen lan egiten duen Gernikako euskaldun batekin, Iurgirekin. Ingeniaria da eta aspaldi honetan Madrilen ari da lanean, eta Skype bidez elkarrizketa egin dugu dugu beragaz

Fon Mugimenduaren gainean, kezkak eta galderak bidali dizkigute entzule batzuek, eta guk irratsaioan zuzenean bota ditugu. Azkenerako oso saio txukuna geratu da, ezbairik gabe.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.

Blogariak Kafe Antzokian

flickrHemen gaude Bilboko Kafe Antzokian, “Blog & Bears” (blog eta hartzak) topaketan eta, lehen XMEk komentatu duen moduan, erdaraz notas de sociedad deritzon azpigenero merkea jorratuko dugu. Etorri diren lehenengoak eibartarrak izan dira, euren puntualtasun eibartarrarekin. Maite, Luistxo eta e-gor, Gotzon azkenik ez da etorri, gaixoa ohean gripearekin, Joxe Aranzabal bezala. Biak barkatuta, eguraldiaren errua. Etorri diren beste batzuk: Xabier Mendiguren Elizegi, bere liburua aurkeztu du, gainera. Axier ere izan dugu bere irudiak proiektatzen. “Ez naiz argazkilaria” esan digu. Lasai, hemen denok gara eta ez gara idazle, argazkilari, kazetari…
Jarraitu Blogariak Kafe Antzokian irakurtzen

Blogs & Beers 2.0 topaketa Bilbon azaroaren 27an

Blogs beersHonez gero zuetako batzuk jakinaren gainean izango zarete, lehengo eguneko El Pais edo Bilboko Kafe Antzokiaren egitaraua irakurri baduzue. Gure V. urteurrena ospatzeko Bilbon Blogs & Beers topaketa antolatzea bururatu zaigu. Azaroaren 27an izango da, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Bilboko Kafe Antzokian.

Bigarren B&B euskalduna izango da, apirileko Elgetakoaren ostean, eta Bilbon egingo den lehenengoa. Zer izango den? Bada, euskal blogarien topaketa informala, garagardo batzuk hartu bitartean, hainbeste aldiz testuen eta iruzkinen bidez elkar eragiten dugun blogger edo blogarion artean izaten dugun harreman telematikoa bertatik bertarakoa bihurtuta. Nahi izanez gero, nork bere ordenagailua konektatzeko aukera izango du, Xabier Mendiguren Elizegik bere liburua aurkeztuko du eta, bertan bere bloga aurkeztuko duen Noizpop DJak girotuko du arratsaldea, musika aukera aproposaren bidez. Animatzen zarete?
Jarraitu Blogs & Beers 2.0 topaketa Bilbon azaroaren 27an irakurtzen

irratia.com-ek bost urte

Bihar bost urte beteko dira irratia.com proiektua abian jarri genuenetik. Ez dugu hemen berriro gure ibilbidea kontatuko, bai gogoeta bat proposatuko. Euskalgintzaren baitan teknofilia sustatzeko asmoz aritu gara, hori zen gure helburua. Denbora honetan ez gaitu gehiegi kezkatu Euskal herrian Internet erdaldunaren aitzinamenduak, bai ordea euskararen munduarenak, gure hizkuntzak XXI. mendean planeta honetan iraun nahi badu tresna berriak eta sareak erabiltzen jakin beharko duela, aro teknologikoan moldatu beharko duela bizirik iraungo badu.

Leloa ere asmatu genuen orduan: “Euskal kultura digitalizatu, kultura digitala euskaldundu”, une hartan oso kezkagarria iruditzen baizitzagun euskararen munduak teknologia berrien arloarekiko zuen jarrera uzkurra eta, beste hizkuntza komunitate batzuen ondoan, somatzen ari ginen atzerapenak gure hizkuntzaren bihar-etziko biziraupena benetan kinka larrian jartzen zuela. Euskara teknologia berrien trena galtzen ari zen.

Bost urte geroago egoera aldatu da, ezberdina da… Noraino? Akaso ez orduan bezainbat larri eta gordin, baina atzerapena egun ere somatzen da, gurea Europako zenbait herrialde eta hizkuntza komunitaterekin alderatuz gero. Gauzak egin dira, eduki gehiago dago, blogosfera agertu eta hedatu da, gero eta internauta gehiago konektatzen dira… Euskaraz nabigatzen dute? Sortzen dute?

Beste herri eta hizkuntza batzuetan ere badira blogosfera indartsuak… Gurea nolakoa da besteen ondoan? Zer uste duzue zuek?

irratia.com bihar berriro uhinetan

Bihartik aurrera denboraldi berriari ekingo dio irratia.com irratsaioak. Teknologia berriak, Internet eta gure kultura zahar eta txiki honek bide hauetan dituen aukerak, beharrak eta mugak izango ditugu hizpide asteartero zuzenean 18:00etatik 19:00etara Bilbo Hiria irratiaren uhinetan eta irrati-bitakora honetan bertan ere. Irratiz FMaren 96an entzuteaz gain (Bilbo Handian), Interneten entzun daiteke gure irratsaioa. Gainera, zuzenean entzuterik izan ez duenak izango du gerora aste bakoitzeko saioa deskarga bidez eskuratzeko aukera.

Entzuleek ere har dezakete esku irratsaio interaktibo honetan baita euren ahotsa entzunarazi ere, munduko edozein bazterretan egonda ere. Gurekin harremanetan jartzeko 94 424 37 04 telefonoaz gain, Skype erabil dezakezue, bilbohiria erabiltzaileari hots eginda. Esan bezala, bihar zuzenean elkar ikusiko-entzungo dugulakoan…

Richard Stallman-en bideoa

Richard Stallman zuzenean ikusteko edo entzuteko aukera izan ez duzuenok hemen duzue aukera. eMulen aurkitu dugu Katalunian egin dioten elkarrizketa hau. Bertan, software libreari buruzko argibideak ematen ditu entzulegoarentzat. Katalanez eginiko galderei gaztelaniaz erantzuten dizkie Stallman-ek, DivX formatoan grabatutako elkarrizketa honetan. Canal 33-eko La nit al dia saioan eginiko elkarrizketa honetan Stallmanek ederto azaltzen ditu software librea, jabedun softwarea, GNU, open source eta horrelako kontzeptuak. Bikain agertzen du bere filosofia eta edukien banaketa (edukiak, truke librea, musika), software patenteen afera eta beste gai askoren gainean duen iritzia azaltzen du 24 minutuko elkarrizketa honetan. Zinez gomendagarria.

HEMENDIK jaitsi dezakezu zure ordenagailura eta ondoren, DivX formatoa irakurtzen duen programa batekin ikuskatu (DivX player edo beste bat). Bideoak 109 MegaByte pisatzen du (kontuz!) konexio azkarra eta pazientzia eskatzen du, beraz, baina itxaroteak merezi du.

WordPressera aldaketa eta arazoak mp3ekin

Igarriko zenutenez, irratia.com honen itxura aldatu da azken egunotan. Movable Type utzi eta WordPressera aldatu dugu gure edizio sistema. Horregatik aukera batzuk eta informazio batzuk oraindik behar bezala ez dira ikusten. WordPress-erako aldaketaren gainean jardun dugu, besteak beste gaurko irratsaioan, aldaketarako arrazoiak emanez. Funtsean diseinu moldagarriagoa, aukera gehiago, doako lizentzia eta RSS irakurgailuen bidez podcast-ak irakurtzeko aukera zuzenagoa (enclosure delakoen bidez) dira aldaketarako arrazoi nagusiak. Laster behin-behineko itxura hau behar bezala informazioz hornituko dugu.

Bestalde, iragan asteko saioa eta gaurkoa, momentuz, ezin izango ditugu sarean eskegi, berauek gordetzen dituen ordenagailuak arazoak baititu irratsaio horiek ireki eta mp3ra pasatzeko. Ahal bezain laster saiatuko gara hau konpontzen.

P.D. KONPONDUTA: saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 23 MB).

Korrika 14 bideoa sarean zabaltzen; gu ere bai

Korrika badatorrela eta, Afrikaren kantua bideo bihurtu du logela multimedia taldeko Imanol Garaizabalek. AEK-k bideo hori sarean hedatzea gura du, eta gugana jo dute horretarako. Datorren asteburuan zabalduko da DVD batzuetan euskal prentsaren bidez, baina hemen daukazue, primizian, gure webgunean eskuragarri.

Bideoklipa zure ordenagailura jaisteko egin klik HEMEN (MPEG filma, 10 MB).
Jarraitu Korrika 14 bideoa sarean zabaltzen; gu ere bai irakurtzen

Irratia.com bueltan, eraldatuta

Berriro gaituzu sarean, lagun, irratia.com Euskal Herriko lehenengo irrati digitalaren 2.0 bertsioa aurkezten. Azken aldi honetan denbora faltagatik ezin izan diogu behar bezalako arreta eskaini duela lau urte sortutako proiektuari. Hala ere, geldialdi luze honen ostean zirt edo zart egin behar eta, egindakoari bizkar eman barik zeozer ezberdina eta gure ahalmenaren neurrikoa egin behar genuela pentsatu dugu. Aurrerantzean irratia.com irrati-bitakora izango da. Entzun ere ahal izango da, baina, irratia.com irratsaio berri baten izena izango baita.
Jarraitu Irratia.com bueltan, eraldatuta irakurtzen

irratia.com 2.0, irrati-bitakora digitala

Irrati saioa eta bitakora biltzen dituen proiektu multimediatikoa da irratia.com 2.0 hau. Bitakora honetan teknologia berriei buruzko hainbat albiste eta eztabaida interesgarri aurkituko dituzu euskaraz. Baina, horrez gain, irratsaioa izango da irratia.com. Asteartero 18:00-19:00 bitartean zuzenean entzun ahal izango duzu zuzenean, Bilbo Hiria irratiaren uhinetan (FM 96.0) eta haren Internet bidezko emisioan.

Teknologia berriak izango dira gai nagusia, euskara eta teknologia berri horiek uztartzen diren albisteek izango dute lehentasuna gurean. Tamalez, ez dago egun euskal irratigintzan gai hori euskararen unibertsoaren ikuspegitik jorratzen duen irrati saiorik eta kazetek leku gutxi eskaintzen diote. Baina gu hasieratik gaude tematuta teknologia berriek berebiziko garrantzia dutela euskarak datozen urteetan aurrera egingo badu. Hortaz, gai horren inguruko albisteak eta elkarrizketak izango dira osagai nagusia.
Jarraitu irratia.com 2.0, irrati-bitakora digitala irakurtzen