irratia.com 2.0, irrati-bitakora digitala

Irrati saioa eta bitakora biltzen dituen proiektu multimediatikoa da irratia.com 2.0 hau. Bitakora honetan teknologia berriei buruzko hainbat albiste eta eztabaida interesgarri aurkituko dituzu euskaraz. Baina, horrez gain, irratsaioa izango da irratia.com. Asteartero 18:00-19:00 bitartean zuzenean entzun ahal izango duzu zuzenean, Bilbo Hiria irratiaren uhinetan (FM 96.0) eta haren Internet bidezko emisioan.

Teknologia berriak izango dira gai nagusia, euskara eta teknologia berri horiek uztartzen diren albisteek izango dute lehentasuna gurean. Tamalez, ez dago egun euskal irratigintzan gai hori euskararen unibertsoaren ikuspegitik jorratzen duen irrati saiorik eta kazetek leku gutxi eskaintzen diote. Baina gu hasieratik gaude tematuta teknologia berriek berebiziko garrantzia dutela euskarak datozen urteetan aurrera egingo badu. Hortaz, gai horren inguruko albisteak eta elkarrizketak izango dira osagai nagusia.

Bilbo Hiria irratian asteartero 18:00-19:00 bitartean irratsaio berria egingo dugu, irratia.com sareko lehen irrati digitalaren ildotik baina erabat berria izango den irrati saio-bitakora proiektu multimediatikoa da hau.

Teknologia berriak, kultura digitala, musika eta albisteak izango dira irratsaioaren osagai nagusiak, berezitasun batzuekin. Hasteko, Internet izango da programaren erreferentzia informatiboa, baina ez bakarrik teknologia berriak islatzeko, sarean isla duten beste hainbat konturen berri emango dugu gure saioan. Esaterako, Irakeko gatazkaz aritu gaitezke edo AEBetako hauteskundeez, baina gai horiek sarean duten oihartzuna islatuz. Sareko fenomenoek (bitakorek, sare sozialek, komunikabide alternatiboek) gai horiek eta beste asko era berezian nola jasotzen dituzten ere aztertuko dugu.

Beste osagai bat musika izango da. Musikazaleak ere bagara eta, kalitatezko musikaz hornituko dugu gure irratsaioa. Gainera, ahal den neurrian, euskal musikariekin elkarrizketak egiteko asmoa dugu, diskoetxeei eta hemengo produkzioari isla emateko dagoen beharrizana asetzen laguntzeko.

Zuzeneko saioaz gain, entzuleekiko harremana ere zuzenekoa izango da, chat kanala irekita izango baita entzuleen iritziak, galderak eta iruzkinak jasotzeko eta telefonoz ere dei daiteke zuzenean antenan sartzeko (94 424 37 04). Saioa entzuterik izan ez duenak ere izango du berau mp3 formatoan eskuratzeko modua.