Bilbo Hiria irratiak Korrikaren Bilboko ibilbidea eta amaiera jarraituko ditu datorren igandean, zuzenean egingo duen irratsaio berezi baten bidez. Martxoaren 20an amaituko da Korrika 14 Bilbon, 12:30ak aldera Arriaga antzokiaren parean, baina Bizkaiko hiriburuan 9:00etan sartuko da Zorrotza auzotik eta, orduz gero, auzorik auzo ibiliko da botxoan. Bilbo Hiriak ibilbide hori guztia jarraituko du, ia lau ordu iraungo duen irratsaio oso berezi baten bidez. Iparraldeko euskal irratiek eta Hala Bedik ere emango dute irratsaio hau zuzean aldi berean.
Auzo gehienekin konexioak egingo ditugu, bertako bizilagunen eskutik ibilbidea bertatik bertara jarraituz. Horrez gain, gonbidatu mordoa izango ditugu gure mikrofonoetan eta atzerrian bizi diren euskaldun batzuen ahotsa ere entzun ahal izango dugu igandean. Horrez gain, entzuleek parte hartzeko bidea ere izango dute, e-postaz, telefonoz eta SMS bidez.
Irratsaioa FM 96.0 frekuentzian entzun ahal izango da Bilbo inguruetan eta munduko beste bazter guztietatik Internet bidez entzun ahal izango da bilbohiria.com helbidean. Goizeko 9:00etan, Euskal Herriko orduan (GMT +1) hasiko da igorpena eta 13:00ak inguru amaituko da.
Entzuleen mezuak jasoko ditugu korrika14@bilbohiria.com helbidean, Korrikari aupadak bidaltzeko. Skype erabiltzen baduzue “bilbohiria” markatu besterik ez duzue gurekin kontaktuan jartzeko. Telefonoz (+34) 94 424 37 04 zenbakia.
Bilbo Hiria irratiaren emankizun hau beste euskal irrati batzuek ere igorriko dute aldi berean, hala nola, Iparraldeko euskal irratiek (Irulegiko Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta irratia) eta Gasteizko Hala Bedi irratiak. Emankizuna, beraz, gureirratia.com eta halabedi.org webguneetan ere entzun ahal izango da.