Korrikaren emanaldia entzungai

Erabat arrakastatsua izan zen Korrikaren amaiera zuzenean igortzeko martxoaren 20an Bilbo Hiria irratian egindako irratsaio berezia. Lau orduz korrikaren Bilboko ibilbidea jarraitu genuen zuzenean, gonbidatu mordoa izan genuen mikrofonoetan eta azken txanpan ere izan ginen, zuzenean, futbol partida batena zirudien emankizun hunkigarrian.

Baina irratsaio berezi honen bidez Bilbon euskararen egoera nolakoa den ere ezagutzeko aukera izan genuen, auzorik auzo. Bilbo bera eta bere euskararekiko harreman historiko ezagutzeko parada ere eman zigun Korrikaren ibilbideak, urte askoan diskurtso ofizialak bestela aurkeztu badigu ere, Bilbo beti izan baita hiri euskalduna.

Bat egin genuen Zorrotzarekin, Errekalderekin, Santutxurekin, Deusturekin… Eta bertan lanean diharduten euskara elkarte, euskaltegi eta euskaltzaleen eskutik izan genuen auzo bakoitzeko euskaltzaleen lanaren berri. Diasporako lagunen agurrak ere jaso genituen, Argentinatik agur mordoa jaso genuen e-postaz eta Txiletik telefonoz deitu zigun entzule batek. AEBetan bizi den euskaldun batekin ere hitz egin ahal izan genuen zuzenean Interneten bidez.

Iparraldeko lau euskal irratiek, Hala Bedi irratiak, Txolarre irratiak eta Uribe Kostako Koxka irratiak ere emanaldiarekin bat egin zuten, azken kilometroak eta amaierako ekitaldia zuzenan gure Interneteko seinaletik hartuz.

Emankizunaren lehendabiziko hiru zatiak entzungai daude, momentuz, MP3 formatoan: 1, 2, 3.