Radiokultura.com irratiak irailean hasiko ditu emisioak, Hazparnetik

Sarearen bitartez, nahierako irratia egingo dute, eta eduki gehienak euskaraz izango dira

URTZI URKIZU – BERRIA egunkaritik hartua. Euskal Herrian aitzindaria den proiektu bat jarri dute martxan Hazparnen: Radiokultura.com. Soilik Internet bidez emitituko duen irrati bat izango da, eta bertan entzuleak nahi duen orduan entzun ahal izango ditu programak. «Irratia nahierara izango da», azaldu du proiektuko koordinatzaile Mikel Etxebarriak. Irailaren amaieran espero dute emanaldiekin hastea.

Euskaltzale talde baten gogoetatik sortu da proiektua, euskal kulturara gerturatu nahi duen jendearengana iristeko asmoz. «Frekuentzia berririk lortzea ezinezkoa zenez, Internet bidez saiatzea aproposa iruditu zitzaigun. Interesatzen zaigu, batez ere, Ipar Euskal Herriko gazteengana iristea, eta horretarako, teknologikoki produktu fresko eta berri bat aurkeztu behar da», dio Etxebarriak.Radiokultura.com gunean, kontsumitzaileak konposatu ahal izango du gustukoa duen irratia. Emankizun, kronika eta erreportaia banku bat egongo da, idatzizko informazioarekin, eta entzuleak nahi duen orduan entzun ahal izango ditu. «Horrez gain, egunean 24 orduko emisioa egongo da, eta hor, gehienbat, euskal musika hedatu nahi dugu. Kronika labur didaktikoak ere izango dira, euskaraz eta frantsesez», adierazi du proiektuko koordinatzaileak. Euskaldun berrientzat, euskarazko elkarrizketak hedatu nahi dituzte, «baina erritmo lasaiago batean hobeto uler ditzaten». Dena dela, ez dituzte emankizun tristeak egin nahi, baizik «dinamikoak eta entzuleak harrapatuko dituztenak».

Elkarteen bitartez, kolaboratzaile sare zabala

Irratiak ez du eguneroko albisteeen jarraipena egingo, baizik eta beste mota bateko informazioa zabalduko du. «Euskal kulturari lotutako edukiak egingo ditugu, baina ez dugu folklorismoan erori nahi. Euskal Herriaren aurpezpen kulturala, historikoa eta soziala egitea da asmoa». Helburu hori aurrera eramateko, elkarte eta laguntzaile sare bat izango dute. Dagoeneko, elkarte batzuk prest azaldu dira noizbehinka emankizunak egiteko.

Radiokultura.com irratia sarean zabaltzean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan eta mundu osoan jaso ahal izango da. «Hori ere kontuan hartuko dugu, eta saiatuko gara webgunean jasotzen zein den jendearen interesa eta gustukoak diren edukiak». Euskal diasporarengana heltzea interesgarria dela uste dute proiektuko arduradunek. Euskal kantagintzaren bilaketa eta grabazioa egiten ari da Sylvie Borthaire, programa berezi baten bitartez 24 orduko emisioan eskainiko dutena. Diru laguntzen erantzunen zain daude irratian, udazkenean zenbat langile izan ditzaketen jakiteko. Administrazio kontseiluaren helburua lau langile izatea da, eta kolaboratzaile sare bat lotzeko lanean dabiltza.