Basque Digital Shepherds’ Meeting prestatzen

Bilboko Kafe Antzokiko saioa aurkezteko spot bat egin dugu. Sarean zabaltzen hasiko gara orain. zuk ere lagundu dezakezu.

Irratia.com egiten, egia esan ondo pasatzen dugu. Ikusentzunezkoetako saiakera honekin, egia esan, oraindik hobeto. Akatsak akats, horrelakoak egiten jarraitzeko gogoa piztu zaigu. Barkatuko diguzue.

99. saioa: Gaztezulo sound system

Saioa entzuteko HEMEN. Bilbotik Donostiara joan gara, Gaztezulo aldizkariaren berri izateko. Aldizkaria, webgunea eta orain kalean sound systemak antolatzeko karpa bat ere bada Gaztezulo.
Aritz Usandizaga elkarrizketatu dugu gero. Molotoff irrati libreko esatari, musikazale, disko jartzaile, Bob Marleyren biografiaren egile. Musika hartu dugu hizpide, eta musika entzungai. Aritz sound system.
Albisteak 2.0 eta 100. saioa prestatzen. Albistegi teknologikoa ere egin dugu, zelan ez. Asterokoa da jadanik. Eta programaren bukaeran, gure jaiari buruzko xehetasunak ematen saiatu gara.

98. saioa: Katamalo eta irratia.com ospakizuna

Saioa entzuteko HEMEN. Literatura eta musika uztartu ditugu gaurkoan. Poemak eta kantuak. Gotzon Barandiaran gurean izan da, diskoa eta liburua aurkeztu dizkigu. Katamalo liburu bat, disko bat, eta blog bat delako.
irratia.com 100. saioa
Saioaren bigarren zatian, aste pare bat barru egin behar duguna aurreratzeko profitatu dugu. 100. emankizuna Bilboko kafe antzokian egingo dugu, datorren abenduaren 5ean, gaueko 22:00etatik aurrera. Sorpresaz betetako saioa izango da, musikariak izango dira zuzenean, gonbidatu bereziak, ikusentzunezkoak… denetarik. Deialdi berezia egin dugu bideo lanak igortzeko, izan be, bideoak eman gura ditugu gure entzuleen aurrean. Wiki berezi bat prestatu dugu 100. saioa antolatzen laguntzeko.

97. saioa: Hiriak, zinema eta rocka

zinebi logoSaioa entzuteko HEMEN. Bilbo, Paris, London. Jabi Zabala bidaian izan da, eta kanpoko begirada ekarri du gurera. 1280EuskalHiria hartu dugu hizpide gero, Captain Nemo taldearen disko berria. Irazu kitarjolea izan da gurekin. Zinema eta literatura rockarekin jorratuz, gustura entzun ditugu taldearen kantak. Ines Intxausti sartu da gero estudioan. ZINEBI jaialdiari buruz hasi gara berbetan. Gustura aritu gara zinemaz, filmeetaz, gure hiriari buruz… pentsa monarkia ere hizpide hartu dugunean!

96. saioa: Gora Gu ta gutarrak eta irratia.com

Saioa entzuteko HEMEN. Durangoko azoka gertu dagoenez, disko ekoizpenak berriro ere gora egin du Euskal Herrian. Bitartean Wall Street Journal egunkarian euskarari buruzko zenbait ardikeri irakurri ostean, Otxandion lekutu gara. Gu ta gutarrak taldearen estudio eta entsaio lekuan. Grabazioa, kantua, elkarrizketa denetarik ekarri dugu Otxandioko Mekoletatik.
Ostean albisteak 2.0 (albiste teknologikoak) eta zenbait kantu entzun ditugu, ohi legez. Euskaraz, Internet, irratigintza eta musika uztartzea posible delako. Interneteko artzaiak gu!