Blogs & Beers 2.0 topaketa Bilbon azaroaren 27an

Blogs beersHonez gero zuetako batzuk jakinaren gainean izango zarete, lehengo eguneko El Pais edo Bilboko Kafe Antzokiaren egitaraua irakurri baduzue. Gure V. urteurrena ospatzeko Bilbon Blogs & Beers topaketa antolatzea bururatu zaigu. Azaroaren 27an izango da, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Bilboko Kafe Antzokian.

Bigarren B&B euskalduna izango da, apirileko Elgetakoaren ostean, eta Bilbon egingo den lehenengoa. Zer izango den? Bada, euskal blogarien topaketa informala, garagardo batzuk hartu bitartean, hainbeste aldiz testuen eta iruzkinen bidez elkar eragiten dugun blogger edo blogarion artean izaten dugun harreman telematikoa bertatik bertarakoa bihurtuta. Nahi izanez gero, nork bere ordenagailua konektatzeko aukera izango du, Xabier Mendiguren Elizegik bere liburua aurkeztuko du eta, bertan bere bloga aurkeztuko duen Noizpop DJak girotuko du arratsaldea, musika aukera aproposaren bidez. Animatzen zarete?

Elgetan batu ginen apirilean eta esperientzia positiboa izan zen, inondik inora. Blogari euskaldunon komunitatea gero eta handiagoa da, zazpi hilabete hauetan hainbat blog berri sortu dira han-hemenka eta noizean behin ona izaten da buruz buruko topaketa, elkarri aurpegia ikusteaz gain, gure proiektuak eta lanak erakusteko, ekimen berriak prestatzeko… Horixe izango da B&B topaketa, ekimen xumea baina interesgarria.

Orrialde honetan bertan eskainiko ditugu datu gehiago eta egitarauaren aldaketak. Hori bai, etortzeko ustea daukazuenok, mesedez, jakinarazi iezaguzue formularioaren bidez mezua igorrita (gutxi gora-behera zenbat jende etorriko den ideia bat egiteko da).

Bestelako jakingarriak
-Sarerako konexioa izango da (Ethernet zein Wi-Fi)
-Proiektorea ez dakit jarriko dugun. Behar izango dugu?
-Proposamenik?

Informazio gehigarria
Zer da B&B bat? (sustatu).

15 erantzun “Blogs & Beers 2.0 topaketa Bilbon azaroaren 27an” bidalketan

  1. Ondo legoke hemen bertan garbi esango bazenute zein egunetan eta ordutan den, nahiz eta emandako loturetan egongo den informazio hori.

    Aupa eta eskerrik asko!

  2. Zorionak, lagunak! Azaroaren 27an hortxe izango nauzue, zuekin batera Irratia.com-en bosgarren urteurrena ospatzeko. Besarkada handi bat.

  3. Nik ere joateko asmoa daukat, ezer okertzen ez bada hor ikusiko dugu elkar. Ordura arte!

  4. Sentitzen dut benetan. Azkenean ezin izango naiz joan, katarroak jota nago-eta, etxean. Antza denez, atzo saskibaloia ikustera joan, eta hantxe hoztu nintzen. Gaur ordurik gehienak ohean pasatzen ari naiz. Zuek, baina, ondo-ondo ospatu. Besarkada handi bat.

Iruzkinak itxiak daude.