Euskalerria Irratiarekin egin dugu bat gaurkoan, berriro Nafarroako gobernuak lizentziarik gabe utzi duela jakin baitugu. Amagoia Ibanek berak Berrian idatzitako zutabea irakurri digu zuzenean. Gero Peio Argiñarena elkarrizketatu dugu eta berak Euskalerria irratiaren historia eta auzia kontatu dizkigu. Iragan asteko Blogak 2.0 jardunaldiaren kronika ere egin dugu, bertan izan zenaren inguruko iruzkinak eginez. Saioz saio aletu dugu Deustuko jardunaldia. Gure iritzia ere eman dugu, zelan ez.
Saioa entzuteko, HEMEN klik egin.
Kategoriaren artxiboa: Gurean asteon (podcast)
Asteroko saioa, astearteetan Bilbo Hiria irratian egiten duguna, gerora podcast moduan sarean eskuragarri jartzen duguna.
46. saioa: [Web 2.0 euskaraz] blogak 2.0, mundua.com eta zabaldu.com
Blogak 2.0 topaketa izango dugu asteon Deustun. Web 2.0 gero eta sarriago aipatzen dugun berbak (eta zenbakiak) dira, Interneten ez da besterik aipatzen aspaldion, eta guk geuk ere horretaz berba egitea erabaki dugu. Albisteak sortzen dira eta gu ere horretaz mintzatu gara gure saioan.
Gaurko saiora Aitor Ortuondo mundua.com blogak sortzeko plataformako kudeatzailea eta Arkaitz Zubiaga zabaldu.com ekimeneko sortzailea gonbidatu ditugu. Biekin elkarrizketa interesgarriak izan dira, web 2.0 giroan murgiltzeko modukoak. Eta saioko hirugarren elkarrizketara Jose Antonio del Moral gonbidatu dugu. Interneten oso ezaguna da del Moral, eta gurekin euskaraz egin du elkarrizketa hau. Blogak 2.0ko antolatzailea denez, osteguneko egitaraua aurreratu digu. Hala ere, Interneteko albiste eta web eta blog berri gehiagoren gainean ere mintzatu gara, zelan ez.
Elkarrizketak eta saioa entzuteko, klik egitea baino ez daukazu. HEMEN.
45. saioa: Su-eten iraunkorra Interneten, begirada bat
Bada astebete ETAk su-eten iraunkorra adierazi zuela; bideoa eta komunikatua, berehala albiste bilakatu ziren Euskal Herrian bezala mundu osoan ere. Eta Internet horren lekuko paregabea izan da, eta bada oraindik be. Asteazken eguerditik, ohiko komunikabideekin batera (telebista, irratiak, egunkarien edizio elektronikoak…) blogetan, tag bilatzaileetan su-etenearen inguruko albiste, iruzkin, post eta iritziak gehitzen hasi ziren.
Gure irrati emankizunean, horren inguruko azterketatxo bat egiten saiatu gara, gure apalean. Interneten ikusi eta irakurri dugunari buruzko begirada xume bat. Eta irratsaioa bukatzeko kazetari bat elkarrizketatu dugu: Imanol Murua Uria. Berriako kazetariagaz albistea bera, medio ezberdinak eta Internet aztertu ditugu.
Saioa osorik entzuteko, HEMEN.
44. saioa: Irak, Palestina eta Saharako lekuko euskaldunak
Nazioarteko egoerari begira jarri gara gaurkoan Bilbo Hiria irratian egin dugun saio berezian. 3 urte dira Ameriketako Estatu Batuek Iraken gerra hasi zutela, eta orduko uneak gogora ekarri ditugu Iraken egondako euskal brigadista batekin: Imanol Telleria. Imanolek, beste kide batzuekin batera Bagdaderako bidea hartu zuen, bidaia berean Bagdad Rap filmeko zuzendaria abiatu zen; eta guk filme dokumentala, gerra, Iraken kontrako okupazioa eta inbasio militarra izan ditugu hizpide Imanolekin.
Gaurko bigarren elkarrizketan Palestina izan dugu berbarako gai. Igor Urrutikoetxea iaz brigadista moduan egon zen lurralde zapalduetan. Besteak beste FPLPko buruzagi presoekin Jerikoko espetxean egoteko aukera izan zuten euskal brigadistek. Asteon ikusi ditugun irudiak ikusita, Palestinara begira mintzatu zaigu Igor.
Azkenik, irrati emankizunaren azken zatian Sahara izan dugu mintzagai. BIGE elkarteko bi lagun izan dira estudioan: Birjinia eta Lurdes. Datorren asteartean Tinduferako hegaldia hartuko dute, eta errefuxiatuen kanpamenduetan burutu behar dituzten aisialdi ekintzak eta daramaten material teknologikoari buruz ere mintzatu gara.
Gune interesgarriak: CSCA | saharatik.com
Saioa entzuteko, HEMEN klik egin.
43. saioa: Kontrainformatu.info topaketak Kukutzan
Asteburuan Komunikabide alternatiboen Gazte topaketak izango dira Kukutza gaztetxean. Horregatik Jon Telleria Gaztesareako kidea gonbidatu dugu gure saiora. Eta topaketako gaiak eta eztabaidarako puntuak agertu dizkigu Jonek. Hiru egunetan zehar Euskal Herri osoko gazteak eta komunikazio proiektuek bat egingo dute Errekaldeko Kukutza gaztetxean.
Elkarrizketa entzuteko sakatu HEMEN.
42. saioa: Kontrainformazioa
Saio berezia eskaini diogu Kontrainformazioari. Eta horretarako, egun abian dauden proiektu ezberdinei buruz mintzatu gara. Indymedia, Irrati libreak, Telebista herritar proiektuak, Internet bidezko proiektuak… denetarik izan dugu aipagai.
Amatau TVri buruz jakiteko, Tas Tas irrati libreko elkarrizketa bat entzun dugu; Indymediaren historiaren berri izan dugu, eta Iruñean aurreko astean abian jarritako WC-tv ekimenaren berri ere ukan dugu (Eguzki Bideoak eta Hackresi hacker kolektiboaren arteko ekimena).
Mundurat.net
Eta Bilbotik Bartzelonara abiatu gara, bertan Mundurat.net zerbitzariko lagunarekin berbetan hasi gara, atariaz, Interneti buruz eta zerbitzariaren proiektuetaz mintzatu gara.
Kontrainformatu.info
Datorren astean Bilbon burutuko diren topaketen berri emanez, sortu duten blogaren berri eman eta hurrengo batean gehiago sakonduko dugu horren gainean, izan ere, martxoaren 17tik 19ra bitartean, Kukutza gaztetxean Komunikabide alternatiboen GAZTE topaketak burutuko dira. Kontrainformatu.info gunea sortu dute horretarako.
Saioa entzuteko: HEMEN.
41. saioa: Basqueradio.com eta Egunkaria / blogak eta literatura
Hiru urte bete dira otsailaren 20an Euskaldunon EGUNKARIA itxi zutela. Guk Andoainera jo dugu, Juan Luis Zabala Pipi bertako kazetariagaz berba egitera. Erredakzio berean, gogo berdinarekin atzera begira jarri gara une batez.
Andoainen izan baino lehenago Hazparnen izan gara, Mikel Etxebarriak basqueradio.com radiokultura irratia erakutsi digu. Sorrera, funtzionamendua, egungo dinamika eta egin asmo dituztenak. Internet bidez soilik entzun daitekeen irrati proiektu hagitz interesgarria da Lapurdiko hau.
Blogak eta literatura izan ziren hizpide aurreko batean Donostian. Mahainguruko kronikarik ez dago sarean, blogosferan, baina polemika apur bat piztu du gaiak, horretaz ere mintzatu gara. Bitartean New Yorken elurra eta Bilbon euria ari du. Bai, meteorologia. Eta guk literatura apur bat, Joseba Sarrionandiaren Hitzen ondoeza liburutik definizio batzuk irakurri ditugu.
Saioa entzun gura baduzu, egin klik HEMEN.
40. saioa: Zapatistak eta Hala Bedi irratia
Marcos komandanteordeak Hala Bedi Gasteizko irrati librean mezua igorri duen egun berean, Hala Bediko lagunak eta zapatistak izan ditugu hizpide gure irratsaioan. Marcos komandanteordeak Radio Insurgente -Mexikoko oihanetik emititzen duen irrati zapatista- baliatu du bere mezua Euskal Herrira igortzeko.
Marcosen mezua entzun ostean,Hala Bedi irratiko partaide bat izan da gurekin. Irrati libreak eta Internet, blog berria eta Hala Bediren dinamikak izan ditugu hizpide. Irrati bizi bizia da Arabakoa eta luze aritu gara horren gainean.
Teknologia berrien gaineko albisteak jorratu ditugu ostean, ohi bezala. Saioa entzun gura baduzu, egin klik HEMEN.
39. saioa: Info7 irratia sortu baina Metak itxi da
Info 7 irratiko bultzatzaile den Jone Josie izan dugu gurekin elkarrizketan. Teknologia berriak baliatuz, Euskal Herrian sortu den irrati nazionala dugu Info7. Duela zenbait egun sortua, ordu gutxi egin ditu momentuz emititzen. Asmo handiak dituzte, eta irrati nazionala izateko xedez, Internet, Satelitea eta uhinak uztartu asmo dituzte.
Irratsaioa Metak disketxea gogoratuz hasi dugu, eta saio osoan zehar (albiste, berri teknologiko, blogen gaineko txumutxuak…) Metak disketxeko diskoak jarri ditugu, azken 5 urte hauetan hainbat lan plazaratu dituzte, eta hori isladatzen saiatu gara.
Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.
38. saioa: FON haririk gabeko nazioarteko sarerantz
FON mugimenduari buruz aritu gara saioan. Haririk gabeko sareaz, FONen lan egiten duen Gernikako euskaldun batekin, Iurgirekin. Ingeniaria da eta aspaldi honetan Madrilen ari da lanean, eta Skype bidez elkarrizketa egin dugu dugu beragaz
Fon Mugimenduaren gainean, kezkak eta galderak bidali dizkigute entzule batzuek, eta guk irratsaioan zuzenean bota ditugu. Azkenerako oso saio txukuna geratu da, ezbairik gabe.
Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.