5. saioa: Midem eta musikaren negozioa

Musikaren negozioaren kinka larriaz jardun dugu gaurko saioan, datorren astean Cannesen Midem azoka izango dela profitatuz. Europan musikaren industriak duen hitzordurik garrantzitsuena da Midem eta, azken urteotan, gure musikaren zabalkunderako horrelako foroetan egotearen garrantziaz ohartuta, zenbait euskal disketxe joan ohi dira euskal ekoizpenen berri ematera.

Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Soinuak programaren babesaz joango den expedizio horretako kide Gotzon Uriberekin izan gara solasean. Berak Noizpop zigilu txiki eta independientea sortu du, Gaztelupeko Hotsak-en babespean, gurean pop musika bultzatzeko xedez.

Gure mugetatik kanpo oso ezezaguna da Euskal Herriko musika, Kepa Junkeraren betiko erreferentziaz harago oso zaila baita hemengo talde eta bakarlariak ezagutzera ematea, egiten duten musika egiten dutela. Aldiz, zeltiar musikaren inguruan badago entzulego handia munduan eta, ondorioz, industria ere garatuago dago.

Napster, deskargak eta mikroordainketak dira denen ahotan dauden kontzeptuak, (iTunes, MSNrena eta besteak ahaztu gabe). Baina krisia nabari da eta eredu berrietara egokitzea kostatzen ari zaie batzuei besteei baino gehiago.

Copyleft lizentzia mota berriak eta banaketa libreko beste eredu batzuk ari dira sortzen. Horren erakusgarri polita atera du Wired aldizkariak bere abenduko zenbakian: Creative Commons-en lizentziapean argitaratutako bilduma ikus dezagu Wired-en CD honetan: Beastie Boys, Gilberto Gil, David Byrne eta beste batzuren kantak bildu eta sarean ere eskuragarri jarri dituzte.