21 saioa

Gaurko saioan denetarik izan dugu, euskal blog berriak (tartean euskal tabernari batena eta Nire etxeko leihoa izenekoa), memeak, Feedmaniaren itxiera, Skyperen erabilera elkarrizketak egiteko, Blogak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, saharauien intifada (eta argazkiak), BBVAren aurkako phishing erasoak, euskalug.org, Pausumedia eta beste.

Bere garaian ezin izan genuen irratsaioa mp3 formatora pasatu, arazo teknikoak direla medio, baina dagoeneko entzungai daukazue.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 24 MB).

20. saioa

Gaurkoan hainbat kontu izan ditugu hizpide irratsaioan. Munduko emakumeen martxarekin abiatuta, disketxe alternatiboa sortzeko proiektua, kopyleft jardunaldiak, Gazte sareak argitaratutako blogak eta berauek azkenik burutu duten WordPress kudeaketa sistemaren euskaratzea, Google pertsonalizatua, MCD taldearen agurra… Aurkik dagoeneko jarioak 200 iturritatik edaten dituela aipatu dugu, euskal blogosferaren indarraren seinale. SGAEk proposatutako azken astakeria eta kanonaren inguruan Espainiako senatuan izandako bozketa ere aipatu ditugu gaurkoan.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 24 MB).

Richard Stallman-en bideoa

Richard Stallman zuzenean ikusteko edo entzuteko aukera izan ez duzuenok hemen duzue aukera. eMulen aurkitu dugu Katalunian egin dioten elkarrizketa hau. Bertan, software libreari buruzko argibideak ematen ditu entzulegoarentzat. Katalanez eginiko galderei gaztelaniaz erantzuten dizkie Stallman-ek, DivX formatoan grabatutako elkarrizketa honetan. Canal 33-eko La nit al dia saioan eginiko elkarrizketa honetan Stallmanek ederto azaltzen ditu software librea, jabedun softwarea, GNU, open source eta horrelako kontzeptuak. Bikain agertzen du bere filosofia eta edukien banaketa (edukiak, truke librea, musika), software patenteen afera eta beste gai askoren gainean duen iritzia azaltzen du 24 minutuko elkarrizketa honetan. Zinez gomendagarria.

HEMENDIK jaitsi dezakezu zure ordenagailura eta ondoren, DivX formatoa irakurtzen duen programa batekin ikuskatu (DivX player edo beste bat). Bideoak 109 MegaByte pisatzen du (kontuz!) konexio azkarra eta pazientzia eskatzen du, beraz, baina itxaroteak merezi du.

WordPressera aldaketa eta arazoak mp3ekin

Igarriko zenutenez, irratia.com honen itxura aldatu da azken egunotan. Movable Type utzi eta WordPressera aldatu dugu gure edizio sistema. Horregatik aukera batzuk eta informazio batzuk oraindik behar bezala ez dira ikusten. WordPress-erako aldaketaren gainean jardun dugu, besteak beste gaurko irratsaioan, aldaketarako arrazoiak emanez. Funtsean diseinu moldagarriagoa, aukera gehiago, doako lizentzia eta RSS irakurgailuen bidez podcast-ak irakurtzeko aukera zuzenagoa (enclosure delakoen bidez) dira aldaketarako arrazoi nagusiak. Laster behin-behineko itxura hau behar bezala informazioz hornituko dugu.

Bestalde, iragan asteko saioa eta gaurkoa, momentuz, ezin izango ditugu sarean eskegi, berauek gordetzen dituen ordenagailuak arazoak baititu irratsaio horiek ireki eta mp3ra pasatzeko. Ahal bezain laster saiatuko gara hau konpontzen.

P.D. KONPONDUTA: saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 23 MB).