100. saioaren kronika, lagun artean zuzenean

irratia.com #100 iragarkiaHeldu gara 100. saiora eta, iragarri bezala, saio berezia antolatu dugu. Zuzenean, baina lagunez eta gonbidatuz inguraturik egin nahi izan dugu. Horregatik Bilboko Kafe Antzokiko eskenatoki gainean egitea pentsatu genuen. Saioa zuzenean antzokitik gaueko 10etan eta jai bezperan… Zer aterako ote zen? Ondo aterako zaigu? Teknikoki zailtasunak ditu horrelako irratiko estudioa beste leku batera eramateak. Barne komunikazioa ez da han bezain posiblea, nerbioak eta akatsak azaleratuko dira seguru… Dena ondo lotuta dago? Mila xehetasun dira segurtatu beharrekoak. Webcam bidezko emisioak huts egin digu, hori egin behar zuten lagunek ezin izan dute etorri-eta. Tira, hori barik ere moldatuko gara. Pantaila erdian dago, proiektorearekin; albo batean Ibon eta Ekaitz mahai batean, musikak eta bideoak emateko prest, bestean Patxi eta Jabi…

GUUrbelztarrek amaitu dute dantza ganbara, hamarrak jo eta aretoan jendearen jakinmina somatzen da. Argiak itzali dira eta musikak lagunduta Katixa agertu da eskenatoki gainean, bakarrik. Are you there, Mr Johnson? galdetu eta saioari hasiera eman dio. Jimi Arrabiten sintonia, Patxi eta Jabi agertu dira orduan, ordenagailuen tapak altxatu eta 100. saioa hasi da…

Gonbidatu mordoa igaro dira oholtza gaineko alegiazko estudiotik. Gorka eta Urdin, GU bikotea izan dira lehenengoak, inoiz jendaurrean egin duten lehenengo agerraldian, gitarra berriak propio gaurko erosita. Oso ondo egin dute. Gero, irratia.com-en historiaz pixkat mintzatu gara, nola sortu zen duela zazpi urte “Euskal kultura digitalizatu, kultura digitala euskaldundu” leloagaz… Ilustratzeko 2001an ETBkoek egin ziguten erreportaiatxoaren bideoa jarri dugu, artean euroa zetorrela zioen Andoni Aizpuruk eta guk gure musika kanalak eta Jalgi Hadi Dantzarat saioa…

Kukubel Artzaina eta Johnson jaunaKukubel 2.0 artzaina eta ardiak heldu zaizkigu orduan, baita Keith Johnson bera ere, gure harridurarako. Galdera absurdo batzuk egin dizkigu eta alde egin du, auskalo zer erreportaia idaztera. Kukubiltxoko lagunekin solastu gara ostean, artzainez, ipuinez, haurrez eta helduez mintzatuz. Ondoren, Beratik Petti etorri zaigu kanta eder bi eskaintzera. On Diskoaz galdetu barik ardiei buruz galdetu behar geniela esan digu emanaldiaren ondoren, berak ere ardiak eta ahuntzak baititu Beran.

Bilbo Hiria irratiko hiru lankide gonbidatu ditugu ere, Mieltxo, Ane eta Txuma esatariak. Bakoitzak bere saioa izan du hizpide, guri buruzko testua prestatuta zekarren Mieltxo izan ezik. Ostean Txumak bi kanta eskaini dizkigu, Miguel eta Ekaitzek lagunduta. John Trollope agertu da ondoren eskenatokian eta aterkinaren kantu ospetsua eskaini digu.

Igotz Olentzero eta MartxeloAlbisteak 2.0 atalari labur-labur ekin eta ondoren Martxelo Otamendi gonbidatu dugu oholtza gainera. Biharamunean Euskaldunon Egunkaria sortu zela 17 urte betetzen direla eta, Egunkariaz, auziperatuen egungo egoeraz eta Berriaren aro digitalaz jardun dugu. Horretan geundela, Bartzelonatik Durangoko azokako Olentzero agertu da (jantzita), Igotzek lagunduta. Xamarren Euskara jendea Oparitu dio Martxelori eta Orhipean liburuaren ingelesezko edizioa ere ekarri du Keith Johnsonentzat. Jende artera pasatu dugu azken hau, nahi duenak dedikatoriaren bat idazteko.

MyJokOlegario blogari ohia agertu da orduan, Ruperren betaurrekoak jantzita, Zaindu maite duzun hori eta Aspaldian kantatuz, azken hau guri buruzko bertsio librean. Ondoren Myjok-eko Jokin eta Maiana ekarri ditugu, korrokada artean euren BURP! Underground Report aurkeztera. Pena saioaren ostean akats tekniko batengatik programatuta genuen BURP Bilbo ezin izan dugula osorik proiektatu. Ondoren proiektatu ditugu ere hiru lagunek gure bideoarekin eta ardiarekin egindako bideo sorkuntzazko aldaerak, Euskaltubeko irratiacom kanalean daude Teketen, Imamon eta Xuriken lagunek egindako bideo horiek.

Sintonia jarri eta irratsaioa amaitu da. Gauzak batu eta jendartera jaitsi gara. Amaitu orduko ordubata pasatxo zen eta gero zerbeza batzuk hartzen agurtu dugu hainbat lagun… Orain falta zaigu audio podcasta eta bideo bat ere igotzea.

ESKERRIK ASKO, BIHOTZEZ
Eskerrik asko aipatu ditugun gonbidatu eta laguntzaile guztiei ideia zoro honekin bat egiteagatik eta musutruk etortzeagatik, baita ondoko guztiei ere:

  • Bilbo Hiria irratiari, Kafe antzokiari eta bertako lankide eta zerbitzariei, baita Urbeltz familiari ere.
  • Gorka Juliori laguntza tekniko eta propagandistikoagatik
  • Imamon, Xuriken eta Teketen berari, euren bideoak bidaltzeagatik
  • Genarori piztiekin laguntzeagatik
  • Beñati eta Imamoni argazkiak egiteagatik
  • Kurritori, saioa bideoan grabatzeagatik
  • Lon Gorkari soinua lantzen eta eskenatokia prestatzen egindako lanagatik
  • Igor Zorrozuari, ardiaren logoagatik
  • Diasporako Federico Borras lagunari audio agurragatik.
  • Etorri zareten euskalnauta eta blogari guztiei: Maite, Jozulin, Etiam, Joxe, Gari, Teketen, Arkaitz, Iturri, Patxi Lurra, XME, Sergio, Iñigo… (baten bat ahaztuko zaigu, barkatu), baita ezin izan duzuenoi ere.
  • Zuri, entzule fidel horri…

Emanaldiaren aipamenak Iturriren blogean (baita erdaraz ere). Argazki batzuk Flickr-en (irratiacom100 tag-a).

6 thoughts on “100. saioaren kronika, lagun artean zuzenean”

  1. 100. saioa ospatzeko modu ederra izan zen, lagunartean, musikarekin, bideoekin, elkarrizketekin, humorearekin… oso ondo pasatu nuen.

    Proposamen bat daukat denboraldia amaitzen denerako: zer deritzozue afari bat antolatzeari? Nik entzuten ditudan irrati-podcast-etako batzuk hori egiten dute, “entzuleen afaria”.

    Zorionak 100. saioagatik, eta egongo gara beste batean.

    PD: bideo hoiek ikusteko gogoak ditut.

  2. Saio ederra antolatu zenduen!!
    Zorionak!!

    Ta 53R61-ren proposamenarekin bat nator, behintzat txuflatxoren bat botateko aitzakitzat erabiltzen badogu be.

    Ondo i2li kuadrila!!

  3. Kaixo: Ez dut lortu 100 irratsaio jaizteko. Ez dakit agian ez da posible edo arazo bat daukazue.

    Eskerrik asko Jaime

  4. Nire blogean aipatu dudan tonu didaktikoarena ez hartu kritika modura, arren. Agian gaiak orokorrean ez direlako aski ezagunak, niretzat batzutan larregi esplikatzen dira gauzak. Baina nire iritzi pertsonala da.

    Adibide bat, internet eta euskara, antzerki euskalduna eta internet…. Uste dut ailegatu dela ordua elkarrizketatik galdera hori alboratzeko.

    Bestalde, Estatu Batuetako kazetariari eman zaion protagonismoa larregizkoa dela deritzot. Euskaldunok beti egon behar garela geure burua justifikatzen Eta beti norbaiten aurka.

    Ondo izan Patxi eta Jabi.

  5. Kaixo lagunok:

    Zoritxarrez, aipatu ditugun akats teknikoetako bat izan da grabaketa txarto ateratzea. Ondo grabatzen ari zelakoan utzi genuen… Ostean konturatzeko zarata baizik ez duela grabatu. Saiatzen ari gara bideotik audio seinalea harrapatu, garbitu eta moldatzen baina ez da erraza eta, adibidez, hasierako zatia galdu egin da.

    Hasier, orain irakurri dut zure blogekoa eta itxura guztien arabera kritika bat da, ez duzu zertan ezkutatu. Bertan erantzungo dizut. Ondo segi.

    Jabi

Iruzkinak itxiak daude.