Historia

2000ko domusantu egunez abiatu zen irratia.com proiektua. Nagusiki musika kanalak entzuteko aukera ematen zuen webgunea genuen (txosna rock, elektronikoa, reggae, munduko musikak, triki..). Albiste batzuk jartzen genituen webgunean (artean blogik ez zegoen), baita grabatutako saio eta elkarrizketa batzuk ere, deskargatzeko moduan. Zuzeneko irrati saio bakarra genuen, Jalgi Hadi Dantzarat, asteazkenero Tas-Tas irratitik eta sarean zuzenean emitituz. Musika elektronikoari buruzko saioa zen, Jalgi Hadi Dantzarat aldi bereko chat berriketa zuena. Elkarrizketa teknofilo batzuk egin genituen eta hainbat ekitaldi berezi zuzenean emititu genituen Interneten bidez.

2001eko Sareko Argia saria eman zigun Argia aldizkariak, euren aburuz gurea kontzeptu berria eta ekarpen interesgarria zelako. Teknologia berrien arloan euskararen egoera tamalgarriari buelta emateko eta irratigintza digitalizatzeko bultzada ere izan zen gurea, gerora sortu diren beste proiektu batzuen bizigarri, irratien elkarlanerako Arrosa proiektua kasu.

Emisioaren zerbitzua eta etengabeko musika kanalak halabeharrez itxi ostean eta zuzeneko saioa egiteari utzi ondoren ihartuz joan zen asuntua. Hala ere, aurreko irratia.com haren nostalgia duenak edo irratsaio haiek entzun nahi dituenak hemen aurki ditzake aurreko edukiak.

Metabolismo txikiko urte biren ostean, 2004ko udagoienean hasi ginen berriro gure proiektuari buelta batzuk ematen. Interneten panorama erabat ezberdina zen Blogak agertuz geroztik eta bitarteko hori irratsaio batekin konbinatzea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen, Bilbo Hiria irratiak eman baizigun astero saioa egiteko aukera.

Horrela, eta hosting indartsua eskuratu genuenez gero, erabaki genuen irratsaio-bitakora bat egitea, aste bakoitzeko saioa blog-ean aipatuz, loturak emanez eta saioaren beraren grabaketa mp3 formatoan eskainiz. Artean ez genekien podcast egiten ari ginenik, orduantxe ari baiziren beste hainbat internauta, planetako beste hainbat lekutan, konbinaketa horren indarraz jabetzen.

2004ko abenduaren 14an hasi ginen, beraz, irratia.com webgunearen 2.0 bertsioarekin (bloga bihurtuta). Izen bereko zuzeneko irratsaioa ere egiten dugu asteazkenero 13:00etatik 14:00etara. Bilbo Hiriaren sintonian entzun daiteke irratia.com saioa (FMaren 96.0an Bilbo Handian eta Interneten bidez mundu osoan). Teknologia berriak, gizarte gaiak, musika, Internet eta euskal blogosfera izaten ditugu hizpide astero ordubetez eta saiook, blog honetan aipatzeaz gain, berton jartzen ditugu eskuragarri, podcast egiten dugu beraz.

Inspirazioa
Hasierako inspirazioa ere gogoratu beharra dago, zuzenean emititzen erakutsi zigun Lalo eta bere Reggaeadictos saioa batez ere. Teknologia berriak hizpide dituzten beste programa batzuk badira eta izan dira sarean. Mexikon, esaterako, gurearen oso antzekoa den proiektua dago, Byte izenekoa. Lehenengo teknologiari buruzko irrati saioa hasi ziren egiten, bitakora geroago zabalduz. Emisora itxi zutenez gero, zuzeneko saioa egiteari utzi zioten eta orain podcast hutsa egiten dute.

Bestalde, kataluniako COMradio irratian La Malla izeneko irratsaioa egiten dute gauero astean zehar. Izen bereko katalanezko ataritik hartua dute izena, eta izaera teknofiloa. Monica Lopezek gidatzen du saioa, oso gomendagarria eta, noski, katalanez da. Gurea estatu osoko lehendabiziko podcasta litzateke Comunicando podcast aste batzuk lehenago sortu izan ez balitz.

Euskal irrati digitala