Kategoriaren artxiboak: Musika albisteak

90. saioa: Dani Gutierrez eta Delorean

Azken saioa entzuteko HEMEN. Denboraldi/ikasturteko azken saioa ekoiztu dugu. Kubako egoera teknologikoa izan dugu hizpide unibertsitateko irakasle Dani Gutierrez adituarekin. Injeniaria bera, software libre erabiltzaile eta bultzatzailea… hainbat proiekturi buruz mintzatu zaigu. Saioaren bigarren zatian berriz, DLRN taldeko Igor izan dugu. Zarautzen sortu taldea nazioartean bere lekua egiten ari dena.
Saio honekin agur esaten diogu denboraldiari eta ospatzeko EHZ festibalerat abiatuko gira.

83. saioa: Euskal Herria Kuba clash 2.0

Saioa entzuteko HEMEN. Talka tour 07 hasi ostean, eta Mexiko, Venezuela eta Kubara joan aurretik, gurean izan da Fermin Muguruza. Astelehenean abiatuta, bidaitxartela eskuan duela gure mikrofonoetan izan da bidai musikalaren berri emanez. Tokian tokiko egoeraren lekuko izango da Muguruza, eta itzultzerakoan berriz ere gurekin elkartzekotan gara.
Kubara jo dugu guk ere, cubainformacion.tv proiektu berria ezagutu dugu Helena Bengoetxearen eskutik. Telebista, irratia, aldizkaria eta informazioa biltzen dituen blokeo mediatikoaren kontrako ekimena da.

Azkenik, asteon ospatuko den Informatikari Euskaldunen Bilkura 07 (ieb07) izan dugu hizpide, horretarako Gorka Julio Teketen gurera gonbidatuz. Mikroformatuak ere hizpide hartu ditugu, bidenabar.

81. saioa: Saharatik ingurune mobilera

Saioa entzuteko HEMEN: irratia.com honetako Jabi Zabala Saharako errefuxiatu kanpamenduetatik itzuli da. Eta Sahara hartu dugu hizpide. Antolaketa territoriala, hezkuntza, irratia, teknologia berria. Gaia sakon aztertu eta hurbiltasunez landu dugu. Fermin Muguruzaren Talka Tour 07 aipatu, eta ingurunemobil.net ekimeneko antolatzaileekin izan gara. Mobilmetraia lehiaketa bat da.

Albisteak 2.0 atalean berriz, errepasoa eman diogu aktualitate teknologikoari. bildu.net gunean irratiacom etiketarekin topatuko dituzue gure albisteak.

79. saioa: Sua falta zaigu eta Gaztezulo

Saioa entzuteko HEMEN: Blogari bat, idazle bat gurean. Elkarrizketa luze bat, galdera eta erantzun laburrez osatua, musikaz tartekaturik. Idazkuntzaz, literatura, blogintza eta abar. Katixa Agirre gurean. Hizketaldi atsegina. Gero Gaztezulo aldizkari berrituari buruz mintzatu gara Aitziber Iartzarekin. Jaia Bilboko Kafe Antzokian eta aldizkaria kioskoetan.

Albisteak 2.0 atalean berriz, errepasoa eman diogu aktualitate teknologikoari. Gurean eta nazioartean. Musika librearen tartean Arrasateko Los Cretinos entzun ditugu, Londonera bidean autoa arrankatu duten honetan.

75. saioa: Japonetik Berlinera

Saioa entzuteko HEMEN. Japonen hasi dugu gure saioa. Lagun bat, entzule bat daukagu han. Skype bidezko elkarrizketan hango bizitzaz, mugikorren iraultzaz, blogak, flickr, youtube… izan ditugu hizpide. Gero, gure musikarien nazioarteko ibilbideetaz mintzatu gara. Berri Txarrak, Fermin Muguruza eta Makala. Zarauztarra Berlinera joango dela eta gurean izan da hizketan.

Albisteak 2.0 atalean albiste teknologikoak landu ditugu, eta besteak beste Josu Juaristi Garako zuzendariaren bloga eta Gaur8 proiektua gogoratu ditugu. Bideoak, Feevy, ccmixer proiektua eta beste ere aipagai gurean.


55. saioa: Fermin Muguruza diskoa kaleratu eta hilabetera, errepasoa eginez

Fermin Muguruza izan dugu gurean, diskoa kaleratu zuenetik hilabetea igaro denean. Aurkezpenak egin ditu lehenbizi Donostian (Euskal Herria), Bartzelonara (Katalunia) joateko, gero Madrilen (Espainia); Parisen eta Berlinen ere egin asmo zuen, baina aitaren heriotzak dena gelditu zuen. Orain, egin duen lehen elkarrizketa eskaini dio irratia.com emankizunari.

Euskal Herria, Jamaika, musikaren panorama, egoera politikoa, nazioarteko egoera… zertaz ez garen mintzatu ordu beteko saioan. Disko osoa entzun, eta kalaka interesgarria izan dugu. Entzun gura baduzue: HEMEN.

48. saioa: Gazte Topagunea, Aho Bete Kanta

Etxarriko Gazte topagunea eta bertan GazteSareak egin duen jarraipena izan ditugu hizpide gaurkoan. Topaketa horretan Interneten bidez hedatzen den Irauli Uhinak irratsaioak berebiziko zeregina izan du, bertatik saio bereziak eginez. Bertako esatari Haginen eskutik Irauli Uhinak proiektuaren berri izan dugu gaurkoan. Saioak mp3 eta ogg formatoetan eskegitzen dituzte eta, Internet hedabide moduan erabiliz gauza gehiago egiteko asmoa dute. Gazte Topagunean software librea, segurtasuna, blogak eta hacklabak izan dira hizpide hainbat hitzalditan. Gazte Sarean eskegi dituzten Kaiolatik at bideoak ere nabarmendu ditugu.

Bestalde, YouTube eta bertan azkenaldion agertu diren Corta un momento (Australiako telebista bateko kazetaria Espainiako gobernuko ordezkari bati torturari buruzko galdera ezerosoak egiten) eta Fermin Muguruzaren azken bideoklipa.

Aho Bete Kanta proiektuaz ere jardun dugu. Proiektu honen helburua azken 40 urteotako euskal herri musikak emandako piezarik esanguratsuenak aukeratu eta musika eskolen errepertorio didaktikoan sartzea da. Mila ale bildu nahi dituen proiektu honen lehen sortak 230 kanta bildu ditu, bakoitza kantaren inguruko azalpenekin, argazkiekin eta partiturekin. Barruan DVD-ROMa dakarren liburua hasi dira banatzen musika eskoletan, baina dudarik gabe webgunea izango da herritar orok proiektu horretarako sarbidea izateko modu nagusia, eskuragarriena eta bateragarriena delako.

Besteak beste, Coloradotik (AEB) jaso dugun entzule baten feedback-a aipatu dugu eta gogoratu dugu delicious-en irratiacom etiketa jarriz zuen lotura interesgarriak bidali ditzakezuela, aipa ditzagun. Gainerako irratiei dagokienez, Eguzki Irratiaren berpiztea ikusi dugu egunotan, zorionez, baina Antxeta irratian uholdeak egindako kaltearen albistea ere heldu zaigu tamalez.

Saioa entzuteko, HEMEN klik egin.