To Shoot an Elephant proiektatuko dugu astelehenean

toshootan elephantDuela urtebete, Gazan, “berun urtua” operazioan 1.400 inguru palestinar hil zituen Israelek, atzerriko kazetariak kanporatu ostean. Jazotakoak barrutik ikusi eta grabatu zituen Alberto Arcek. Bertan geratutako lekuko bakanetakoa dugu bera, eta bere testigantza gordina “Nazioarteko Komunitatearen” sarraskiarekiko konplizitatearen salaketa ozena dugu: To Shoot an Elephant dokumentala.

Mundu osoan estreinaldi eguna izango da urtarrilaren 18, Global Screening Day – Global Screaming bataiatu dute sarean oinarritutako zabalkunde esperientzia kolektibo berri hau Arcek eta bere lantaldekoek. Euren helburua argi dute ahalik eta zabalkunde gehiago ematea dela lan honi. Horregatik banaketa libreko Creative Commons lizentzia ezarri diote ekoizpenari, gainera eurek ezarri dute Bittorrent moduan doan eskuratzeko Interneten eta internautak animatu dituzte tokian tokiko doako proiekzioak eginez ekimen global honetan esku hartzeko. Gurean irratia.com irratsaioak antolatu du emanaldia, 19:30ean, Bilbo Hirian saioa bukatu eta ordu erdira, Bilboko Kafe Antzokian. Irratsaioan, besteak beste, ekimen honen inguruan mintzatuko gara zuzenean.

DVD formatoan Eguzki Bideoak banatzaile-ekoizle kolektibo nafarra zabaltzen ari da To Shoot an Elephant dokumentala eta proiekzioetan bertan eskura daitezke DVD honen kopiak. Gainera, nahi duenak aukera izango du bideoa bere pendrive edo USB gailuan etxera eramateko ere.

Iruzkin bat “To Shoot an Elephant proiektatuko dugu astelehenean” bidalketan

  1. Eskerrik asko proiekzioa antolatzeagatik. Gogorra baina ikusi beharrekoa iruditu zait. Batez ere inpresionatu nau nola transmititzen duen angustia, edozein momentutan bonba bat buru gainean jausteko beldur eta estres hori. Argiak piztu eta denok geunden flaseatuta, egoera horretan sartuta oraindik, zer esan behar genuen orduan? Bertako tipoa ere, gidaria, protagonista moduan agertzea ere ondo dago. Ez nintzen konturatu baina ia bi ordu irauten du.

Iruzkinak itxiak daude.