[Hasiera
 

AIZU ALDIZKARIA, 2000ko abendua
Nola aldatzen diren gauzak!

Teknologiak izugarrizko aldaketak eragin ditu azken urteotan eguneroko bizitzaren arlo guztietan. Hedabideetara begira jarrita, aldaketa horiek beste inon baino nabarmenagoak direla konturatuko gara, ez gara alfeerik bizi asko eta askoren arabera informazioaren gizartea omen den honetan.

Teknologia berriek goitik behera eraldatu dituzte hainbat komunikabide, bai barrutik zein kanpotik, eta beste zenbait berri ere agertarazi ditu. Esate baterako: duela bost urte euskarazko irrati berriaz hitz egiteko, irrati aparailua behar genuen ezinbestean. Gaur egun aitzitik, ez. Izan ere, egia da, euskarazko irrati berria dugu azaroa ezkeroztik, baina nekez entungo duzu betiko irrati aparailu batez. Sortu berri den irratia.com entzungo baduzu, ordenadorea beharko duzu halabeharrez.

Euskarazko lehen irratia online da irratia.com, hau da, interneten eta interneten bitartez entzuteko sortutako lehenengo euskal irratia. EiTB-k berak zein bestelako irrrati batzuk ere jarriak zituzten euren programetako batzuk amaraunean, baina irratia.comen kontzeptua ezberdina da. Haien programak (nahiz eta horrelakorik ere baduten) ez dira irrati arrunt baten saioen grabaketa hutsak, sarean entzuteko berez egindakoak baino.

Momentuz oso murritza da zuzeneko emisioa, astean ordubetekoa baino ez. Baina oso esperientzia bitxia da benetan. Izan ere, zuzeneko irratsaioa emititzen den bitartean, entzuleek chat delako sistemaren bitartez hartu ahal dute parte saioan, erabat interaktiboa bihurtuz. Azaroaren 1ean, adibidez, Fermin Muguruzari egin zioten elkarrizketa, eta entzuleek galderak zuzenean egiteko zein saioaren inguruko iritzia zuzenean emateko aukera izan zuten.

Asteazkenero izaten da irratia.comen zuzeneko saio hori, gaueko 9etatik 10etara, eta Real Player programa zein MP3 artxiboak zuzenean entzuteko edozein programaren bitartez entzun daiteke. Informazio gehiago nahi izanez gero, abiatu zure web nabigatzailea eta jo http://www.irratia.com helbidera. Irratia.comen beraren informazioaz gain, zuzeneko emisioa, aurrez grabatutako saioak eta euskarazko irratien zerrenda ere eskura dezakezu bertan, beste hainbat lotura interesgarrirekin batera.
 
 
 

 

Euskalbanner
Euskalbanner

 

Erreprodukzioa baimenduta, iturria aipatuz gero


IRRATIA.COM
604. postakutxa
48080 BILBO