175. saioa: Gaeltacht 2.0 #lnag10

gaeltacht 2.0
Irlandar bat Euskal Herrian eta euskaldun bat Irlandan. Biak batu ditugu irratian. Irlandan eta Euskal Herrian entzun daitekeen podcast bat egin dugu. Munduan zabalduko dugun mezu bat.
Gaelikoak kezkatzen gaituelako jarri gara Rith (gaelikoaren aldeko korrika Irlandan) laisterketari begira. Gaelikoaren 2.0 aroan gaudela esan dezakegu orain.
Arturo Villanueva eta David Henderson mintzatu zaizkigu Belfast eta Arrietatik. Irlanda, teknologia berriak, garapena, hizkuntza eta…. musika apur bat.
Saioa entzun gura baduzu HEMEN

174. saioa: elkano browning cream eta irlandar doinuak

elkano browning cream

argazkia: amaury martinez
  • Elkano Browning Cream taldea ezagutzen dugu aspalditik, baina beraiekin berba egiteko gogo itzela genuen gainera. Zuzenean ikusteko ere ez dugu aukera askorik izan orain arte. Bigarren lana plazaratu berri dutela eta, hiru astetan 15 bat kontzertu emango dituzte, hemen eta han. Azkena apirilaren 4an Bilboko kafe antzokian. Bartzelonara jo dugu Mikel Azpiroz (hammond eta pianojolea) musikariarekin berba egiteko. Entsaio batzuk egin, eta bertako jazz club batean abiatuko dute lan berria aurkezteko bira. Musikaz, munduaz, musikaren munduaz hitz egin dugu.
    elkano browning cream diskoa, biografia, argazkiak, bideoak, kontzertuak….
  • Irlandako doinuak, korrika eta gaelikoa 2.0 aroan jorratu ditugu gero. #lnag10 etiketa ikusgai egon da asteon sare sozialetan, Belfasten hasi zen rith 2010 Galwayn bukatuko da datorren martxoaren 17an, eta Sant Patrick eguna mundu osoko irlandarrek ospatuko dute. Euskal Herrian ere, badu oihartzuna festa honek, eta Bilboko kafe antzokian Erlea literatura aldizkaria aurkezteaz gain, Bizardunak taldeak kontzertua eskainiko du. Guk hori eta musika gehiago ere entzun dugu saio honetan.

#lnag10

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

173. saioa: Ikusentzunezkoen koloretako iraultza


Argazkiak.org | webtv web telebista telebista Interneten |
© cc-by-sa: gaztelumendi.org

Ikusentzunezkoak eta sarea hartu ditugu hizpide. Telebista, bideoak, Internet, webtv… ohikoak bilakatzen ari zaizkigu. Testuingurura hurbiltzeko Bilbon burututako videoweb10 jardunaldia, Eskoriatzan burutu beharreko Komunikaldiak edota, 2009an burutako Greba orokorra eta Egunkaria libre emisioak hartu ditugu.
Ikusentzunezkoen koloretako iraultza marrazteko Gorka Julio Teketen izan da gurean. Ordenadore bat, kamara ttiki bat eskuan, ideien zirriborroak eta diskurtso koherentea eskaini dizkigu. Eta hainbat gogoeta egin ditugu, sareaz, euskal hedabideetaz, ikusentzunezkoen etorkizun hurbilari buruz.

Musika lagun, sareko loturak eskainiz, saio multimedia egiten eta osatzen saiatu gara. Azkenerako esperimentu ttiki bat egin dugu, telefono batekin irudi batzuk zuzenean eskainiz saretik.

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

172. saioa: Global / basque music podcast


Global funk jaia asteburuan Bilboko kafe antzokian. Dj Dusty, Arka eta Makal festa batean. Global funk proiektua zer den ezagutu aurretik, musika jartzeari ekin diogu, musika globala eta lokala uztartuz…
Jazz&milk disketxea, Fermin Muguruzaren hurrengo musika geltokia, The Clash taldearen bertsio berezi bat edota funky doinu ezberdinak.
Podcast musikala atera zaigu, lantzean lantzean albiste teknologikoren bat sartuaz, blogetako aipamenak edota independentistak.net sarearen berri emanez. Ohi dugunez, sarean dantza eginez.

Argazkiak.org | Globalfunkers.com irratian
© cc-by-sa: gaztelumendi

Arka dj global funkers
flickr.com | Arka dj pintxatzen
© cc-by-sa: global funkers

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.