54. saioa: blogs&beers 3.0 eta Sototik Tusurirekin

Blogs&beers blogarien topaketa berri bat daukagu asteon. Ostiralean Larrabetzuko gaztetxean batuko gara zenbait euskal blogari. Aitzakia hori hartuta, berbetan aritu gara Sergiorekin, larrabetzuar linuxzalearekin. LarraB&Btzu izendapenarekin 3. topaketa honetarako gonbitea luzatu digu berak. Ostean, beste blogari eta musika sortzaile bat izan da gure irrati emankizunean: Oier Iruretagoiena, Tusuri. Sototik saioa egiten du Oreretako Zintzilik irrati librean, eta musika esperimentala sortzen dihardu, besteak beste. Tusura Mishuri proiektu berriko Laboa kantua entzuten genuen bitartean, soinumapa.net proiektua ere aurkeztu digu.

Irrati emankizuna osorik entzuteko: Klik.

53. saioa: Montenegrotik zuzenean eta Luistxo Fernandez

Montenegrok igandean bozkatu zuen independentziaren alde eta hainbat euskaldun izan dira bertan, azetari, politikari eta begiraleak, gertakizun historiko horren lekuko. Euren artean Patxi izan dugu eta Montenegrotik bertatik zuzenean egin digu egunotan ikusi eta bizi izan duenaren kontaketa. Bestalde, Luistxo Fernandez gonbidatu dugu gurekin solastera. Norbaitek euskaltzain izendatzea proposatu du kazetari eta saiogile ibilitako Luistxo eibartarra, egun enpresa gizona eta blogaria dugu, mapengatik berebiziko interesa duena eta aurki AEBetara abiatuko dena, bere Tagzania dela eta, Google Maps-en inguruko bilkura batera. Euskal sareari lotuta, bera tartean ibili den eta dabilen hainbat proiekturen gainean mintzatu gara. Azken urteotako historiaren bilan txikia egin eta haren iritziak entzun ditugu Interneti lotutako hainbat gairen inguruan.

Saioa entzuteko, klikatu, HEMEN.

52. saioa: eremulauak.com, Nun sarean eta Inon izatekotan

Xabier Doncel izan dugu gurekin. Kazetaria eta musikaria dugunez gero bi kontu berri izan ditugu hizpide, biak lotuta baitatoz. Izan ere, berak ere esku hartzen duen eremulauak.com proiektua eraberritu dute. Nun taldearen gainean ere jardun dugu, berak bertan jotzen baitu eta bihar Eremu Lauak webguneak euren diskoa aurkeztuko du. Diskoa Creative Commons lizentziapean aterako dute eta Interneten doan eskuratu ahal izango da, eMuletik zein webgunetik bertatik jaitsita.
Juan Luis Zabala idazlearekin ere mintzatu gara, berak Inon izatekotan izenburuko blog berria zabaldu baitu Berriaren webgunean. Berrian erredaktore dabil Pipi, eta izen bereko liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearekin. Matrako jaia ere izan dugu hizpide.
Programa entzun gura baduzu, HEMEN.

51. saioa: Fermin Muguruza eta Martxelo Otamendi

Euskal Herria Jamaika Clash aurkezten izan dugu Fermin Muguruza Bilbo Hiria irratian. Anartz Bilbaok (Gaubasa) eta Jabi Zabalak (irratia.com) elkarrizketa egin, eta bi zatitan eman dugu irratitik. Jamaikan grabatutako BASS-QUE CULTURE dokumentala ETBn emititzen zuten egun berean eman dugu elkarrizketaren txatal luze bat, kantu batzuk tartekatuz.

Martxelo Otamendirekin Berria egunkariari buruz aritu behar gara, Bilbon aurkeztuko dute Garai berriak ulertzeko kanpaina honen emaitza: maiatzaren 11tik aurrera ikusiko den egunkari berritua. Horretaz, zein Interneteko edizioaz mintzatu zaigu BERRIAko zuzendaria.

Eguneraketa: Berriak albiste bat argitaratu du edizio elektroniko berrituaz.
Programa entzun gura baduzu, HEMEN.
Ferminekin izandako solasaldia osorik entzun nahi baduzu, jaitsi HEMENDIK.

50. saioa: Maiatzaren lehena eta Gotzon Garate

Maiatzaren lehenaren biharamunean ari gara irrati emankizuna egiten. Maiatzaren lehenaren egunsentian, esan badaiteke. Mundu osoan ospatu du, eta horren islada eman nahi izan dugu gure irratsaioan ere. Interneten bidez, azkar jakin dugu munduko berri. Europan adibidez, ekimen berezia burutzen da azken urteotan Euromayday, Berlin istiluak izan direla aipatu du ETBk baina ekitaldi asko eta ezberdinak burutzen dira han, Evo Moralesek ekimen berria jarri du martxan Bolivian, eta mundu osoko kapitalistak urduri jarri ditu. Ameriketako Estatu Batuetan etorkinek, paperik gabekoek greba egin dute, eta kalera atera dira.

Guk gaurkoan, kantu bereziak hautatu ditugu, lanarekin, langileekin, greba eta mobilizazioei lotutakoak. Maiatzaren lehenaren soinu banda deitu diogu gure emankizunari. Maiakovskiren Bertso berriak igarobide sobietikoari irakurri dizkigu Mieltxok.
Gotzon Garate
Eta gaur, besteak beste Euskal Filologia karrerak Deustun 30 urte betetzen dituenean, Gotzon Garate omendu dute bere ikasle eta lankideek unibertsitatean. Txuma Murugarren bertan izan da, eta bertako berri ekarri digu irratira. Berak ere kanta bat eskaini dio, eta Gotzon Garateren maisutasunaz eta xumetasunaz mintzatu zaigu. Berak batutako maiatzeko atsotitzak izan ditugu hizpide guk. Txumaren kantu batekin agurtu dugu saioa.

Irratsaioko loturak, zuzenean jarraitzeko irratiacom etiketarekin: del.icio.us

Programa entzun gura baduzu, HEMEN.