35. saioa: Makalarekin hor dantzan

Hondartzan diskoa entzuten jarri, eta Makala izan dugu gurekin irratsaioan. Kantuak entzun, kantuak komentatu. Musika beltzaz aritu gara, musikagintzaz. Diskoari buruz, eta disketxeen gainean. Musika elektronikoa eta Internet izan ditugu hizpide Zarautzko musikariarekin. Horrez gain, Interneten zuzenean emititzen hasi den Saharauien irrati nazionala entzun dugu eta sareari buruzko zenbait albiste aipatu ditugu.

Urtea doinu beroekin amaitu dugu, eta dantzan jarri gaitu aspaldian Euskal Herrian egin den disko beltz bezain koloretsuena den honek.
Egilea: Makala
Diskoa: Hondartzan
Disketxea: Metak

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.

34. saioa: Andoni Egaña BECtsolaritzaz

Laugarren txapela jantzi zuen domekan Barakaldon. Euskal Herriko bertsolaritza puri purian dago, gori gori daude labe garaiak, BEC bertsoaren erakustazoka bilakatu zen. Komunikabide guzti guztiak han, bertsoaren adi. Internet ere erakusleiho bilakatu da, nazioartean bezala, hemen ere. Euskal Herrian. Blogetan bertso saioak komentatu, iritzia eman, foroan kezkak agertu, webgunean datuak begiratu. Sarrerak erosi…
Bertsolaritzaren aro digitalean sartu gara, eta horretarako guk ere Andoni Egaña izan dugu geurean. Igandeko saioak, bere bertsolari lagunei buruzko ikuspegia, bertsogintza eta bertsolaritzaren oraina eta gero aztertu eta komentatu ditugu. Egaña hunkitu batek, oso hitz gozoak bota ditu elkarrizketa osoan. “Euskal Herria ikusi genuen han, eta han Euskal Herria ikusi zuen askok” aipatu digu besteak beste.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.

33. saioa: Firefox, Podcast-ak, delicious

Gaurko saioan hainbat albiste aipatu ditugu, besteak beste, Firefox 1.5 euskaraz atera dutela Librezale gunean. Podcast-ak izan ditugu hizpide eta Teketen-en erakusgarri txiki bat jarri dugu. Podcasten mp3 artxiboen barruan bilaketak egitea ahalbidetzen duten Podzinger eta Podscope zerbitzuak aipatu ditugu. Del.icio.us aipatu dugu, Yahook erosi baitu egunotan nork bere gogoko helbideak etiketatzeko zerbitzu arrakastatsua eta irratiacom-erako aipagarriak diren loturak jartzen hasi garelako. Zuek ere, irratiacom etiketa gehituta aukera ditzakezue guk aipatzeko modukotzat jotzen dituzuen helbideak eta HEMEN agertuko dira. Musikaz ere jardun dugu, zehazkiago heroinaren inguruko abesti zenbait aipatuz.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 21,4 MB).

32. saioa (2. zatia): Memoria digitala. EGUNKARIAren konstituzio eguna

Ordu biko saio berezi honen bigarren zatian Euskaldunon Egunkaria izan dugu hizpide. Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi elkarrizketatu ditugu Egunkariaren lehenengo zenbakia kaleratu zenetik 15 urte bete diren egunean. Sorrera prozesua izan dugu hizpide Uriarekin eta Otamendi, hainbat pasadizuren bidez berau nola bizi izan zuen kontatzeaz gain, egungo BERRIAren erronkez mintzatu zaigu.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 24,5 MB).

32. saioa (1. zatia): Memoria digitala. RIP, Hertzainak eta Negu Gorriak DVD formatoan.

Durangoko azoka bihar hastekoa dugu eta bertan hiru euskal talderen DVDak aurkeztuko dira. RIP taldearen DVDak taldearen ibilbide osoa jasotzen du, erreportaia eta elkarrizken bidez hainbat lekukok kontatzen dizkigute jakingarri guztiak. Bestalde, han-hemenka bildutako filmazioak bildu eta digitalizatu dituzte Iker Barandiaranek eta Iban Toledok. Barandiaranekin solastu gara honen inguruan. Bestalde, Oihuka disketxeko Ritxi Aizpuru ere izan dugu gurean, Hertzainak-en hainbat bideo biltzen dituen DVDaren inguruan eta fondo musikalaren digitalizazioaren inguruan mintzatuz. Gai bera jorratu dugu Metak disketxeko Zulurekin. Negu Gorriak-en bideoak biltzen dituen DVDa atera dutela eta, bideo zinten iraungitzeaz eta digitalizazioaren beharraz jardun dugu.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 30 MB).